Mugen amarruak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Osa 2021ko mai. 5a, 07:58

Ez dakit lerrook irakurtzean zein egoeratan egongo garen: soilik Euskal Herriko hiru erkidegoetan barrena mugitzeko moduan; mugakide den herrira jarduera sozioekonomikoak egitera bai, baina laguna bisitatzea galarazita edukiko dugun aldian, edo, beste behin, herriko mugak zein diren ongi baino hobeto markatuko diguten garaian.

Etxeko paretak zeintzuk diren ikasi dugu, behintzat: “Andikara baserritik aurrera Deba da”, hala adierazi nahi zutela sentituko zuen batek baino gehiagok mendi buelta egitera irten orduko ertzainen kotxea herriko muga zehazten ikusi zuenean. Oikiarrek ere aspaldian ez zituzten hainbeste zumaiar motxila hartuta bertatik pasatzen ikusiko, eta Santiagoko tunelak inoiz ez bezala markatu du Zumaia-Getaria arteko harresia. Iparraldetik, bederen, eskerrak itsasoa dugun lagun, lau hormetako bat zabalik mantentzeko moduan izan baikara.

Itxiera perimetrala ez ezik, pandemiaren kudeaketak agintarien mundu ikuskera indartzea ekarri duelakoan nago. Frantziak muga guztiak itxi zituen otsailean, eta Hego eta Ipar Euskal Herrian arteko joan-etorriak baldintzatu zituen. Kantabriara eta Nafarroara ezin joatea maila berean jartzen duen hedabide publiko bati so egoten gara iluntzero, eta Madrilek esango duenaren esperoan pasatzen ditugu egunak. Ikasi ditugu mugakideak, ez ditzagun irentsi euren harresiak.