Ikuspuntua

Erabiltzailearen aurpegia Miren Osa 2020ko eka. 2a, 09:29

Gizartea gero eta indibidualagoa dela dioten mezuak iristen zaizkigu leku guztietatik: gure zilborrera begira bizi garela, norberaren onura lehenesten dela kolektiboaren gainetik, lehiakorrak garela… Arlo honetan ere azkar ibili da sistema kapitalista, eta mezuok gugan duten eragina nabarmena da; gizartearekiko dugun ikuspuntu ezkorra ikustea besterik ez dago.

Tira, egiari zor, balkoietako txibatoek ere ez diote mesederik egiten uste orokorrari: koronabirusaren aitzakiapean poliziaren indarkeria basatia gutxi ez eta bizilaguna etsaia dela sinestarazi nahi digute. Inpunitatea eta kontrol soziala izango omen dira Covid-19ak utziko dizkigun albo kalteak; kalteak diot, ez baitiot ezer onik ikusten herritarron arteko mesfidantza eta autoritarismoa joera normaltzat hartzeari. Dena dela, eskerrak egoera iraultzeko aukera gisa saretzearen eta elkar laguntzearen alde egin dutenak ere badiren.

Herrian sortutako boluntario sarea adibide soil bat baino ez da. Interdependenteak gara, elkarren beharra dugu aurrera jarraitzeko, maila pertsonal nahiz profesionalean. Ea elkar hobeto zaintzen hasten garen etxeko ateak zabaltzen dizkigutenean, ingurua baloratzen, merkatari txikiak babesten, osasun publikoaren aldarria ozen oihukatzen, zahar etxeetako langileen borrokarekin bat egiten eta gertuko baserritarren baratzeetatik jaten. Batek daki AHTa noizko izango den prest, baina pena litzake konfinamendua lehentasunak ongi finkatu gabe amaitzea.