Erronka

Erabiltzailearen aurpegia Miren Osa 2019ko ira. 1a, 14:30

Eusko Jaurlaritzak martxoan argitaratutako txosten baten arabera, EAEko gazteok 30 urte ingururekin emantzipatzen gara. 

Behin alde egitea lortuta, batez beste, 1.057,90 euroko kostuari egin behar diogu aurre Gipuzkoan alokairuan bizi nahi badugu, lau paretak lagunekin, bikotekidearekin edo ezezagunekin konpartitzera kondenatuz; errenta poltsiko bakarretik ordaintzeak soldataren % 70 bertan uztea baitakar, eta gauza jakina da soldata gehienak hurbilago daudela hiru zifrako kopuruetatik, laukoetatik baino: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko gazteon % 72 baino gehiago ez da 937 €-ko diru sarreretara iristen. Eta, noski, prekarietateari soldata arrakala gehitu behar zaio ezinbestean: 30 urtetik gorako emakumeek batez beste 1.422 euro irabazten dituzte hilabetearen amaieran; 1.922 euro poltsikoratzen dituzte batez beste gizonek. Pisu turistikoek ere eragin zuzena dute gazteon emantzipazio berantiarrean: Airbnb plataforman bilaketa azkar bat egitea nahikoa da Zumaian 44 pisu turistentzat gordeta daudela jakiteko.

Konfort zonatik ateratzeko mezuekin bonbardatzen gaituzte egunero komunikabideek, publizitateak nahiz inguruko lagunek. Erronka berriak bilatu behar direla, esperientziak bizi, gauzak berriak egitera ausartu. Ez al da nahiko erronka eskuartean dugun egoera iraultzea? Nago datuok ikusita egungo errealitateak ongizatetik gutxi duela, eta “nola edo ahala” bizitzetik asko.