Crowfundinga

Erabiltzailearen aurpegia Miren Osa 2019ko ots. 1a, 11:32

Käffka antzezlanaz aritu ziren Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga sortzaileak Ahoz Aho saioan pasa den urtarrilean. Lesbianismoa lantzen duen obra baten eskaera jaso zuten Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearen eskutik. Nerabeei zuzendutako obra izatea nahi zuten, 12-17 urte arteko gazteek “erreferenteak” izateko.

Egiari zor, ezer gutxi irakatsi ziguten LGTBI+ kolektiboaz gure garaian, are gutxiago bi emakumezkoren arteko maitasun istorioez, eta pozgarria da halako proiektuak martxan jartzeko profesionalak daudela ikustea. Gainera, badu proiektuak deigarria egin zaidan beste faktore bat: finantza kolektiboko plataformak erabili dituzte arlo ekonomikoari sostengua emateko, crowfundinga erabili dute. Hau da, erakundeek nahikoa diru eman ez eta beste bide batzuk jorratu behar izan dituzte obra aurrera ateratzeko. Kulturak gurean duen garrantziaren islatzat har daiteke jokaldia.

Ardura, ordea, ez da goikoena soilik. Nago azkenaldian gehiegi jaisten garela Madrilera El Rey Leon ikustera, sarriegi joaten garela espainolek eginiko gaztelaniazko bakarrizketetara; liburuak Amazonetik baino ez ditugula erosten… Gizarte moduan ez badiegu sortzaileei merezi duten errekonozimendua ematen, epe laburrean ezer gutxi geratuko zaigu hain maitea dugun euskal kulturaz.