Loratu da

Erabiltzailearen aurpegia Miren Osa 2018ko mai. 8a, 12:13

Auzoko bilera baten ondoren haserretuz gero, hirugarren pisuko bizilagunak errazago izorratuko du bigarrenekoa alderantziz baino: esekita duen arropa baldekada batez busti lekioke, edo kanika txapelketa bat antola lezake Bigarrenak erratzarekin sabaia kolpatuz erantzungo dio, eta, okerrenean ere, gora igoko da besteari zer pasatzen zaion galdetzera. Ondotxo dakigu, ordea, bidea errazagoa dela goitik behera.

Nondik begiratzen dugun jakiteak erabateko zerikusia baitauka gure jardunean. Posizioaren arabera, batentzat zuria dena beltz aizan daiteke bestearentzat: auzolana eta artea batzuentzat, zikinkeria eta debekua besteentzat; ahaldunduaren eta boteredunaren arteko auzia parez pare.

Azken hilabeteotan, ordea, ertzetako borrokak erdigunean jarri dira: pentsiodunek astelehenero egiten duten elkarretaratzea, martxoaren 8ko aldarrikapen jendetsua, Kalea Guztiona Dela geroz eta argiago izatea, santelmotako herri bazkari jendetsua, edo 0-6 urte arteko umeen gurasoen borroka negurako lokal egokia lortzeko. Adibide soilak baino ez dira, baina jendea goikoei kontu eske dabilela gogorarazi digute; udaberriarekin batera loratu da herria, eta, momentuz, ez dirudi etenik izango duenik.