Denboran

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Odriozola 2022ko aza. 1a, 06:02

Hogei minutu meditatzeko, 20 minutuko aktibitate fisikoa, 20 minutu garapen pertsonalerako. Horixe gomendatu zidan lagun batek lanera itzultzean. Aurkituko duzu denbora?, galdetu zuen. Tira, bada, ez nuen hain zaila ikusten, egunak 24 ordu ditu; ordutxo hori ateratzeko gai izango naiz. Baina, gero, errealitatearekin topo egiten duzu, edo, hobeto esanda, egunerokoak jaten zaitu. Zaintza, lana, lan boluntarioa, bazkariak, afariak, parkea, atsedenaldia, Whatsappeko taldeak, etxea, erosketak.

Zerbait ohitura bihur dadin, hori 90 egunez egin behar omen da. Egunero: 20 minutu; 20 minutu; 20 minutu. Ez zirudien hain konplikatua. 

Denboraz justu bizi garela, horixe izango da gure gizartearen imajinario kolektiboan indar handienez iltzatuta dagoen pentsamenduetako bat. Presaka bizi garela, alegia. Esnatu orduko jende askok daukagun lehen pentsamendua lo nahikoa egin ez izanarena da. Bigarrena ere, bizi erritmo eroek sortutako talkekin lotutakoa: "Ez dakit gaur denera iristeko gai izango ote naizen". Ohetik altxa baino lehenago ere, berandu goazen sentsazioa. Amaigabeko zerrenda mentalekin estututa.

Zer momentutan bihurtzen da gure bizitzetan denbora hain altxor preziatua? Nolatan hasten gara erlojuaren kontrako lasterketa zoroan? Noiz bihurtzen da egunerokoa neurtzeko unitate garrantzitsuena denbora? Bizitzako beste etapa batzuetan neurgailu garrantzitsuak notak, dirua, etab. izan/izango dira. Bada beti zerbait.

Horrelakoetan, egia mingots batekin egiten duzu topo: ezin zarela denera iritsi. Gero, bigarren errebelazioa dator: lehentasunak jarri behar dituzula; hau da, batzuetan baietz esan behar dela, eta besteetan, ezetz. Aitortzeak mina ematen badizu ere, zuk ere mugak dituzula. Eta, azkena –eta gogorrena–: aukera batzuen alde egiteak beste batzuk galtzea ekar dezakeela. Gauza bat esango dizut: nahiko gauza ebidentea ematen du horrek, baina askori dezente kostatzen zaigu onartzea. 

Bizi sistema hau iraultzea izango litzateke aukerarik onena, baina sisteman arrakalak sortzen jarraitzen dugun bitartean (edo horrekin batera) norbere burua ere zaindu beharko dugu. Zer ari naiz jasotzen, ematen, kentzen… hau edo bestea egitean? Zer ari zara jasotzen, ematen, kentzen… hau edo bestea egiten ari zarenean? Aukeratzen duzuna aukeratzen duzula, gaizki sentitu gabe. Ez da ariketa erraza, ez da ariketa samurra, baina batzuetan ezinbestekoa da gauzak galbahe horretatik pasatzea. Asko dago jokoan: zure denboraz gozatzea merezi duzu (edo behintzat haren esklabo ez izatea). Gorputza eta burua leku berean izatea. Egin behar dituzunen, egin nahi dituzunen eta egin gabe dituzunen arteko kalkuluak uztea. Gelditzea.

Segundo bakoitzari zukua atera beharraren ideia nahiko zabaldua dago gure artean, baina denbora luzez premisa hori mantentzeak, azkenean, geu zukutu gaitu. Ez ahaztu: momentu arruntenetan omen daude bizitzako plazer handienak. Baina lasai, ezer ez da betiko. Edo, ia ezer ez. Batek daki, agian, guri ere iritsiko zaigu nolabait orduak igarotzearen beharrak jota, gurutzegramak, hizki zopak, sudokuak eta bestelako denbora pasak egiteko premia. 

Auskalo, hori ere denborak esango digu, lagun.