Surik bai?

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Gallastegi Osa 2021ko mar. 29a, 07:00

Eguna heze esnatu zen larunbat goizalde hartan, Beran piztu zen sua Endarlatsan barrena zabaldu zenean. Bidasoko suteak lur nafar, lapurtar eta gipuzkoarrak kiskali ditu muga ikusezinetan barrena, dena su eta dena gar. Horrez gain, arratsean hegoak gogor joko omen zuen. Hegoan baina are gogorrago astindu zuen hegoak, Palos de la Fronterako (Huelva) laborarien kokalekua kiskali zuen suak, eta esku hutsik utzi zituen marrubiak biltzeko lanetan zartatutako esku ilunak. Emakume marokoarrek etengabeko bortxa salatu zuten leku berean pizten den bigarren sutea da denbora gutxian, bizirauteko atondutako egur eta kartoizko aterpeez gain, sugarrek 23 urteko gazte baten bizia erre zuten iazko apirilean. Dena su eta dena gar, dena muga eta dena harresi.

Espainiako hegoaldeko muga esperimentu gune bilakatu da aspaldian, deshumanizaziorik bortitzena nola eragin eredu perfektuaren bila. Gogoan dugu oraindik Tarajalgo hondartzako sarraskia, dikea igerian igaro nahi zuten 15 pertsonen gorpuak aurkitu zituztenekoa Ceutako uretan, Guardia Zibilak lurretik eraso egin ostean. Heriotza ardatz duten nekropolitiken adibide, bizitzak zero balio duen muga horretara eta beste hainbatera Europako aurrekontuaren % 4 baino gehiago bideratzen da. Migrazio kontrolaren industriara eta mugen militarizaziora. Industria armamentistikora eta abar.

Sentitzeko, pentsatzeko eta ekiteko modu dekolonialak egun tokian-tokian eta globalki era askotara jarduten duten egitura eta muga kapitalista, patriarkal, klasista eta arrazistak desnaturalizatzeko eta desegiteko ahalegin erradikal bezain beharrezkoak dira, paradigma eurozentrikoa erreproduzitu nahi ez badugu, eta zibilizazio ordena auzitan jarri.

Gero eta ke gutxiago geratzen da saltzeko, eta, halere, kez estali nahi dizkigute begiak. Zibilizatu VS. Barbaro logika elikatu nahian bonbardatuko gaituzte behin eta berriz; gomazko pilotaz kalean eta irudi bidez medioetan, hiru pintada eta lau kontainer sutan, baina ez digu berehalakoan begirik erreko. Bitartean batzuk tematzen dira gure iragan katoliko eta koloniala goratzen, eta euskaldun esploratzaileen omenez egutegia gorriz orbaintzeko proposamenak egiten, esklabotza eta genozidioa ‘abenturaz’ makillatzen.

Su guztiek ez gaituzte beti eta beti modu berean erretzen, ordea. Ipar Kurdistanen, 1982ko martxoan, bera barruan zela zeldari su eman zion Mazlum Doganek, eta Diyarbakirreko espetxeko altxamenduaren lehen txinparta izan zen hura. Hiru hamarkada geroago autodefentsa unitateek garai bertsuan kanporatu zuten Deir ez-Zorretik Estatu Islamikoaren azken bastioia. Kawa errementaria Dehak tiranoa garaitu zuen erresistentziaren sinbolo da Ekialde Hurbileko herri askorentzat, eta udaberriaren eta urte berriaren atarian, Newroz egunez su txikiek hartzen dituzte Kurdistango txokoak. Su txikiak itsasargi erraldoi izan daitezkeen garaiotan, guk ere badugu zer ospatu.

Muga ikusezin eta ikusgarriak, desboteretze ariketak, guztion posizioak bizigarriago egiteko ahuldu beharreko posizioen berrikuspen eta hausnarketa kolektiboak. Dena su eta dena gar. Erraiak erre eta gure errautsetatik birsortuko gara. Harreman kolonialen inguruko begirada gaurkotzen eta aliantzak eta elkartasun sareak osatzen.