Askatasun politikoak salbuetsita

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Eizagirre Egiguren 2020ko mai. 2a, 17:59

Bereizi diren hiru faseetan honako gauzak baimenduko dira gradualki: jarduera komertzialak, laboralak eta aisialdiari lotutakuak. Horiek baino ez dira aipatu ordea.

Espainiar Gobernuak proposaturiko edo, hobeto esanda, inposaturiko “deseskalada planaren” barruan dagoeneko zenbait neurri aurreikusten dira. Bereiztu diren hiru faseetan honako gauzak baimenduko dira gradualki: jarduera komertzialak, laboralak eta aisialdiari lotutakuak. Horiek baino ez dira aipatu ordea. “Ez al zaizu nahikoa iruditzen?” pentsatuko duzue zenbaitek. Horixe da lerro hauetan ezbaian jarri nahi nukeena.

Izan ere, bada dagoeneko “normalitate berri” gisa izendatzen duten festa horretara gonbidatua izan ez denik. Eta dirudienez inork ez du faltan botatzen. Askatasun politikoetaz ari naiz. Kalean biltzeko, bilerak egiteko eta manifestazioak zein ekitaldiak antolatzeko eskubideak sine die bertan behera geratu dira alarma egoeraz mozorratutako salbuespen aldiarekin. Eta bitxia da, Euskal Herriak duen ospe errebelde eta politizatuari erreparatuta batez ere, hemen ia inor ez dela kexatu askatasun politikoen ausentziagatik. Zergatik ote?

Gizarte kapitalistaren berezko ezaugarria da politikagintza Estatuaren monopolioa izatea. Estatuak erabaki garrantzitsuak hartzeko aukera bahitzen du hamaika apaingarri demokratiko-legalekin, gizarte zibilari propaganda residuala egiteko aukera bakarrik baimentzen zaion bitartean. Salbuespen egoerak, ordea, langileriarentzako berez desorekatua den erlazio hori are egoera tamalgarriagoan utzi du. Gizarte burges liberalak formalki aitortzen dituen edo, hobeto esanda, aitortzen zituen askatasun politikoak bertan behera geratu dira une honetan bertan, eta epe mugagabean gainera. Beraz, lehen politika hegemonikoa Estatuak baino ezin bazuen egin eta langileriari ekintza politiko txikiak egitea uzten bazitzaion, orain de facto politika forma oro egiteko baimena duen bakarra Estatua da, eta ez beste inor.

Bistan da tendentzia horri aurre egiteko ez dutela batere lagundu hasiera batetik egoeraren gaineko kudeaketa politikari profesional, teknikari talde eta enpresa batzuen eskuetan uzteko prest azaldu ziren guztien zeharkako konplizitateak, ezker instituzionala eta sindikatuak barne.

Estatua inongo osasun irizpide objektiborik gabe bizitza publiko zein pribatuan baimenduta dauden jardueren zerrenda arautzen ari den unera iritsi gara horrela. Osasun irizpide objektiboen ausentzia azpimarratzean kontuan hartu beharreko egitatea da oraindik ez dela frogatu manifestazio bat beharrezkoak diren babes neurriekin egitea lanera joatea baino arriskutsuago denik. Eta halere, lanera joatea baimenduta edo, hobeto esanda, derrigortuta dago aspalditik, eta hemen inork ez du manifestazioak egiteari buruz txintik esaten. Kontrakoa frogatzen ez den bitartean, jarduera politikoa egitea ez da lanera joatea baino arriskutsuago; baina dirudienez agintea dutenentzat ez da beharrezkoa ere. Gizartearen gehiengo zabalak ontzat eman duen egoera honek agintean direnei beharrezkoa iruditzen ez zaien guztia debekatzeko aukera eman die.

Hori gutxi balitz, bidegabekeria horien aurrean ez da inongo oposizio formarik onartzen. Ez masa mobilizaziorik, ez grebarik eta, askok esajeratzen nabilela esango duten arren, adierazpen publikoekin ere kontuz ibili beharra dago. Duela gutxi jakin dugu argitalpenak egin edo zabaltzea zigortu ahal izateko mekanismoak (bai, gehiago) martxan jartzen ari dela Estatuko Fiskaltza.

Baina botere penalaz gain, burgesiak tresneria ideologiko oso bat jarri du martxan, non gobernuaren erabaki “teknikoak” kritikatzeak automatikoki birusaren hedapenaren alde jartze zaituen. Gauza bera gertau zen torre bikien kontrako atentatuen ostean. Estatu Batuen kanpo politika kritikatzeak zuzenean terrorismoaren alde jartzen zintuen. Bistan da zein den halako mekanismo ideologikoen funtzioa eta izaera. Gainera, tristea bada ere, gogorarazi behar genuke horrelako egoera batean, langile klasearen bizi-baldintzak zeharo okertzen ari diren bitartean, oso arriskutsua dela antolatzeko eskubidea ukatzen duten legeak babestea. Ez ote gara bihurtuko bizi osoan zehar gorrotatu izan ditugun monstruo totalitario horietako bat ia konturatu ere egin gabe?

Aste batzuetarako kontua ziruditen “salbuespenezko” baldintza hauek modu indefinituan luzatzen eta normalizatzen ari dira. Badirudi Estatua gustu hartzen hasi zaiola lana, kontsumoa eta aisialdi kontrolatua ez den beste guztia giltzapean mantentzeari. Hala ere, kontuz ibili beharko dira lapikoaren tapa itxita mantentzen duten bitartean sua gehiegi ez berotzen. Bizi-baldintzak kaxkarragoak diren zenbait herrialdetan, Libanon kasu, dagoeneko altxamendu bortitzak hasi dira.

Ez diezaiegun utzi langileok dugun tresna preziatu bakarra lapurtzen: gure antolakuntza.