Covid-19: saiakera bat itsumenaz

Erabiltzailearen aurpegia

“— Gaur gaurkoa, bihar biharkoa, eta gaur da erantzukizuna dudan eguna, ez bihar, itsu banago.
— Zeren erantzukizuna?
— Begiak izatearen erantzukizuna, besteek galdu dituztenean.”
(Ensayo sobre la ceguera, Jose Saramago)

Gerra bat deklaratu berri da. Ez da txantxa, dagoeneko termino hori da munduko potentzia nagusien bozeramaileek darabiltena. Denonak omen ziren kaleen egoerak erakusten digu belizismoa ez dela maila linguistikora mugatzen duten zerbait; alderantziz, bizitza soziala ere termino horietan antolatzen hasi dira Estatuak. Osasun publikoaren aitzakipean lege martziala ezarri dute, demokrazia liberalen oinarria osatzen omen duten askatasun zibilak txiste txar baten pare utzi dituzte. “Guztion” ongizateari begira “neurri bereziak” hartu behar direla diotenek, etxean geratzea moral abtsolutistaz defendatzen duten horiek, ez dute inongo erreparorik egunero milaka langile segurtasun protokoloak betetzen ez dituzten lanpostuetara kondenatzeko, ezta planto egiten duten grebalariak mehatxatzeko ere. Osasun zerbitzuak odolusten diren bitarean transfusio milioidunak prestatzen ari dira oligarkia finantzarioarentzat. Desfile militar tamalgarriak ere ikusi behar izan ditugu medikuak falta diren leku berean. Gera dadila guztia, ekoizpenaren eta etekinen festa izan ezik! Ikus dezakegunez, garratza da “batasunaren” eta “erantzukizunaren” printzipioek ezkutatzen duten ironia, gerra horrek birusa neutralizatzea baino langile klasearen bizi baldintzen aurkako hamaikagarren ofentsiba suposatzen baitu. Covid-19ak sortutako krisiak, aurreko guztiek egin izan duten bezela, gizarte kapitalistaren oinarrizko kontraesanak bizkortu ditu dagoeneko, eta efektu latzenak ikusteke daude oraindik.

Espainiar Estatuak "gizarte-talkarako egitasmo" izendatu berri duen planak atzeraldi ekonomikoaren doinuak dakartza, eta ez da ekonomista izan behar horren kalteak nortzuk ordainduko dituzten antzemateko: langabeziaren zabortegira kanporatuak izango direnek, bizi-kostuak ordaintzeko gorriak ikusiko dituztenek, soldata murrizketa zorrotzak jasango dituztenek. Gaizkiaren programa horrekiko atxikimendua eta "ahalegin kolektiboa" eskatzen dute Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak, "ahalik eta jarduera gehienari" eutsi behar omen zaiolako. Betiko lehentasunak salbuespen egoeretan ere salbuetsita daude antza. Hori bermatzeko, langileria otzan mantentzera dei egin diote sindikatuei "agente sozialen arteko paktu soziala" mahaigaineratuz. Hego Euskal Herriko hainbat ekoizpen gune estrategiko geldiarazi dituzte langileek joan diren egunetan, eta badirudi patronalari ez zaiola ideia ona iruditu. 8.250 erregulazio txosten igorri dira dagoeneko; 52.213 dira oraingoz neurri horiek kolokan jartzen dituzten lanpostuak. 

Kapital handiak eta bere gobernu maiordomoek kolpea jotzeko tresneria prestatzen duten bitartean, lanpetuegi gabiltza bizilagunek egiten dutena poliziari salatzen eta kaleen militarizazioa normalizatzen. Itsutu ote gara? Ez ote die inork gauzei euren izenenez deituko? Salbuespen egoerak zenbait salbuespen politiko erakutsi dituela esango nuke, Gazte Koordinadora Sozialistak, adibidez, fatalitate horri klase ikuspegitik aurre egiteko oinarriak azaldu ditu duela gutxi abiarazi duen salaketa kanpainan. Burgesiak osasun krisia ofentsiba ekonomiko eta politikoa aktibatzeko aitzakia gisa baliatu duela argudiatu du GKSk. Eraso horren aurrean, jarraian azaldutako aldarrikapenak egin ditu: 1) salbuespen neurri politikoak bertan behera geratzea eta antolakunde politikoei segurtasun neurri egokien baitan euren jarduna aurrera eramaten uztea. 2) Alarma egoeran zehar krisiaren erantzule den Estatuarekin kolaborazio oro gaitzestea. 3) Desinformazioa salatu eta gaitzaren jatorri zein ondorio errealen gaineko jakintza sozializatzea. 4) Langileriaren antolakuntza independientea lehenestea.

“Sozialismoa ala basakeria” aldarrikatu zuen Rosa Luxemburgek iragan mendean. Basakeria gailentzen ari zaigun egun ilunotan badirudi Euskal Herriko ehundaka gaztek ez dutela hitzok ahazteko asmorik, eta bidegurutze horren aurrean dagoeneko egina dutela euren hautua.