Asteburuan hodeiak, iparra eta tenperatura normala

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Egaña 2016ko uzt. 21a, 20:09

Bueltatu gara berriro ere normaltasunera, astelehenean eta asteartean izandako bero handi hura atzean utzita. Normalean uda partean iparra izaten da nagusi gurean, baina batzuetan hegoak ere bisita bat egiten digu garai honetan eta horrelakoak gertatzen dira, baina ez da denbora askoan irauten duen gauza bat izaten. 

Asteburuan udan askotan gertatzen den egoera izango dugu. Azoreetako antizikloia gurera etortzen saiatuko da, baina iparra ere bidaliko digunez hodei ugari egotea espero dugu. Hodei baxuak izango dira eta zirimiria ere laga dezakete, bereziki larunbat goizaldean eta gero  bukaeran, eta baita ere igande goizaldean.

Beraz, larunbatean hodei ugari goizean eta zirimiria egiteko aukera. Arratsaldean arintzera egingo du eta ostarteak ere ireki daitezke. Ipar-ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da indar handirik gabe eta tenperatura atsegina izango da, maximoa 22 ºC ingurukoa.

Igande goizean berriro ere hodeiak nagusi eta zirimiria egiteko aukera, baina gero nabarmen egingo du hobera, eta igande arratsaldea nahiko eguzkitsu geratu daiteke. Haizea ipar-ekialdetik eta tenperatura antzera edo zertxobait gorago, maximoa 23 ºC ingurukoa izango da.

Oraingoz ez dira bero kontuak berriro ikusten epe motxera. Beharbada uztaila bukaeran berriro ere beroa izateko aukera batzuk ikusten dira, baina kontrakoa ere gerta daitekeenez zai egon beharko dugu. Behintzat datozen 5-6 egunetan normaltasuna.