Tabernak, a zer lekuak…

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Aizpurua 2019ko mar. 1a, 15:42

Arctic Monkeysen melodiek giroa berotzen dute, eta barraren inguruan eztabaida sakon batean murgilduta gaude: zebrak zuriak dira marra beltzekin edo beltzak marra zuriekin? M.k komentario surrealista bat erortzen utzi du, B. algaraka hasi da, eta, bitartean, K.ri begiak piztu zaizkio. Zerbeza arraro bati tragoxka eman, eta halaxe bota dit: “Anima hadi tabernak eta kultura gaitzat hartuta Baleikerako lerro batzuk idazten; materiala badaukak!”.

Tabernak eta kultura: afizioa bai bietarako, betidanik; ofizioa ere bai, bat; aditua ezertan ez. Herrien taupada eta arima diren tenplu txiki hauek aldarrikatu nahi ditut, bakoitza bere kode, estilo eta nortasunarekin. Gure izaeraren erakusleiho paregabeak, esperientziak ikusi edo bizitzeko iturri amaigabeak. Juan Tallónek Mientras haya bares liburuan aipatzen duen modura, barra baten inguruan biltzeko gaitasuna galtzen duen herri bat hildako herri bat da.

Smoke pelikulan, Harvey Keitelek Brooklyngo bere estanko paretik argazki bat ateratzen dio aurreko kale kantoiari. Egunero ordu berean; 12 urtetan 4.000 argazki. Lagun idazleak denak berdinak direla esan dio, bilduma ikustean; polikiago begiratzeko esan dio Keitelek: goiz eguzkitsuak daudela, goiz ilunak, udarako argitasuna, udazkenekoa; astegunak, asteburuak; batzuetan jendea galtza motzekin, besteetan berokiarekin; pertsona desberdinak berdin bihurtzen direla, eta berdinak desagertu.

Antzera sentitzen naiz tabernako barra barrutik, panoramaren ñabardurak sufritu eta gozatzen. Hiru eratako argazkiak bereiziko nituzke. Gutxi batzuetan, harmonia moduko bat suma daiteke; sarrerako mahaian aspaldiko bezero leialak leihotik begira, patxadan, bizitza pasatzen ikusten; ondoan, bi lagun xakean jokatzen, eta hirugarren bat TMEOarekin barrez; mapari begira, gertuago, lagun talde bat bizipenak kontatzen, ametsetan; arbelean, I. Ulaciaren poema, semaforoa gorrian gurutzatu zuen mojarena; txokoan, maitasun hitzetan itotzen bikote bat, mundutik at; iskanbila handirik ez da, baina ez lasaiegi.

Bigarren argazkian, giroa antzekoa da, baina atmosferan zerbait usaintzen da; astroak lerrokatuta daude, eta badakizu une batetik bestera eztanda egingo duela inprobisatutako performance batean.

Hirugarren argazkia ustekabean sortzen da, horma zahar bateko zirrikitutik lore koloretsu bat hazten den moduan. 50 urte inguruko emakume bat sartu da. La loca Juana garagardoa eskatu, eta, periodikoa irakurri eta marrazten duen bitartean, negar malko potoloak isuri zaizkio. Bigarren bat eskatu du. Ea dena ondo doan galdetu diot. Erantzun dit bere katua, Juana, 16 urterekin aste horretan bertan hil dela. Hirugarren bat edan ondoren, autobusa hartzera doa presaka. Kuriositatez, periodikoa hartu eta eskela txiki bat ikusi dut, katu baten marrazkiarekin: “Juana, maite zaitut”, dio.

Arrosak ere baditu bere arantzak; frustrazioa askotan gailentzen da, rockak garai hobeak bizi izan ditu. Epeltasun pixka bat falta zaio gastronomiaren diktadurapean ezarri nahi duten ostalaritzari. Baina badago esperantzarako arrazoirik. Etxean isiltasun handiegia dago, edo iskanbila gehiegi, eta drama gehienak umorearekin bustiz hobeto gainditzen dira. Garagardoak tabernan etxean baino zapore hobea duela diote. Jaitsi gaitezen, hor daude eta milaka txoko istorio onak bizitzeko irrikan.