Hitza eta erabakia herritarrei itzultzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2019ko eka. 11a, 11:24

Gaur hiru urte bete dira Erribera kaleko horman lehen murala margotu genuela, egun osoko festa baten egitarauaren barruan. Ia 1.000 egun eta 98 mural igaro dira, eta, batez ere, herritar askoren borondatezko lan handia, agintarien zentsura zentzugabeari koloreak atera nahian. Denetarik ikusi dugu urteotan, baina bada gauza bat aldatu ez dena: alkateari hamaika aldiz luzatu diogu eskua, eta orain datozen agintari berriei ere berdina esaten diegu: konpon dezagun auzia parte-hartzearen bitartez.

Hauteskundeek gobernu aldaketa ekarri dute herrira. Alde handiz irabazi du orain arte oposizioan egondako alderdiak. Hego Euskal Herrian oro har izan den joerak (EAJ eta PSE-EE gora) Zumaian ez du eraginik izan. Areago, gurean espazio publikoan debekuak ezartzearen alde aritu diren bi indarrei politika publikoak kudeatzeko ardura kendu diete herritarrek.

2015eko hauteskundeetako irabazleek haien programan ez zuten mural, pankarta eta kartelen gaia aipatu ere egin. Halere, handik urtebetera, inorekin adostu gabe debekuak ezartzeari ekin zioten, eta horrek ondorengo hiru urteetan polemika handia piztu du Zumaian, baita hemendik kanpo ere.

Kalea Guztiona Da-ko kideok, hiru urtez aritu gara aurreko udal gobernuak publikoki ezkutatu nahi izan duen eztabaida herritarren artean zabaltzen. Zeintzuk dira adierazpen askatasunaren mugak? Espazio publikoa nork eta nola kudeatu behar da? Debekuek arazoa konpontzen ala enkistatzen dute? Zer da zikina eta zer garbia? Izan ere, galderek zabaltzen baitute bidea.

Marroitik koloreetara
Horretarako, hiru tresna erabili ditugu: kritika, umorea eta artea. Arrazoia gurea eta gurea bakarrik dela aldarrikatu baino, eztabaida ahalik eta jende gehienarengana eraman asmoz. Eta ahal dela irribarrea galdu gabe, zentsura eta debeku marroiak kontu triste xamarrak badira ere. Ez dakigu asmatu dugun, baina esan dezakegu herritarren artean gaiaz asko hitz egin dela. Tamalez udaletxea gai honetan gotorleku izan da. Ez da modurik izan udal gobernuak egiazko prozesu parte-hartzaile bat abiatzeko gaiari behin betiko konponbidea emateko. Pintura poto marroiaren fereka da jaso dugun erantzun ofizial bakarra.

Orain aldaketa dator. Udaletxe barruan bestelako jarrera bat aurkitzea da gure nahia, eta ahal dela, udal gobernuko kideen aldetik ez ezik, oposizioan izango diren gainerako zinegotzien eskutik ere bai. Iritzi orok lekua izan behar du.

Aurrena eskubideak bermatu, gero arautu
Datozen lau urteetarako alkatea izango denak hala zioen Baleiken: “Giltza elkarrizketa eta ordenantza idazteko prozesua herritarren parte hartzeari irekia izatea da. Foro bat sortu beharko litzateke, eta ordenantza eragile eta herritar ezberdinen ekarpenekin idatzi”.

Debekuak indargabetzearekin batera, abiapuntu ona iruditzen zaigu. Eta hori errealitate egin dadin lan egingo dugu. Herritar eta eragileen artean patxadaz hitz eginez, Zumaian konponbide eredugarria sor dezakegula sinetsita gaude. Debeku eta isunetan baino herritarren eskubideen gainean fokua jartzea izango da gure zeregina.