Ostegunean Kalea Guztiona Daren mozioa eztabaidatuko dute Udalbatzan

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2018ko abe. 18a, 15:50

Ostegunean, abenduaren 21ean 17:30ean hasita, Kalea Guztiona Dak aurkeztu duen mozioa eztabaidatuko dute Udalbatzan. Lehen aldia izango da adierazpen askatasunaren gaia jorratuko dutena, eta beraz, Udalbatzera etortzera gonbidatu nahi dugu interesa duen pertsona oro. Jarraian mozioa osorik:

Mozal lege, txiolari. txotxongilolari edota musikari presoak, artelan debekatuak, umoreari eta umoregileei mugak, kazetari eta komunikabideen aurkako epaiketak, Kataluniako lazo horien dema… zerrenda, tamalez, luzeegia da, eta oinarrian gai bera du: gutxi batzuek, baina boterea dutenak, adierazpen askatasunaren mugak zeintzuk diren erabaki izana lau pareta artean, inorekin hitz egin gabe. Gai hau pil-pilean dago eta Zumaiara ere heldu zaigu.

Datorren otsailean hiru urte beteko dira Zumaiako alkateak espazio publikoaren erabilerari kontrol neurri eta debekuak ezarri zizkionetik. Ordura arte herritar orok normaltasunez eta gatazka apartekorik eragin gabe erabiltzen genuen kalea informazio, aldarrikapen, deialdi agur edo zorion mezuak zabaltzeko. Espazio publikoa delako, beste inoren bitartekorik gabe, herritarrengana heltzeko dugun espazio bakarra. Baina ustezko garbitasunaren izenean, euskarri grafiko oro zokoratu du Udal gobernuak. Eta hala, zaku berean sartu ditu, herriko musika taldearen hurrengo kontzertuaren kartela eta xenofobia sustatzen duen pankarta, adibidez. Biak dira zikinak, biak zentsuragarriak, “kanpotik datorrenari herri txukuna eskaini behar diogulako”, alkatearen esanetan. Tira, egiari zor, denak ez. Herria mota askotako margoketez josita dago, baina egunero, salbuespenik gabe zentsuratzen den mural bakarra da Kalea Guztiona Dak (KGD) egindakoa.

Debeku eta kontrol neurriek herrian eztabaida bizia eragin dute, eta adierazpen askatasunaren gaiari alde bakarreko dekretuz erantzutea herritar eta herriko talde askok ez dute begi onez ikusi. Debekuen zentzugabekeria salatzea, Udal gobernuak herritarrei ukatu dien eztabaida piztea eta adierazpen askatasunaren inguruko pedagogia egitea izan da KGDren lana urteotan.

Bitxia da Zumaian gertatzen dena eta kasuak Zumaiaren mugak gainditu ditu. Hainbat komunikabideren eta herritako mugimenduen interesa piztu du, eta gaia Gipuzkoako Batzar Nagusietara ere heldu da. Han ikusi eta bizi izandakoa oso paradigmatikoa da. EH Bildu, Ahal Dugu, PSE-EE eta PPko ordezkariak bat etorri ziren KGDren proposamen orokorrekin. Hau da, adierazpen askatasunari buruzko eztabaida ezin zaiola debeku eta kontrol neurri hutsen bidez bideratu eta konponbidea herritar, eragile eta instituzioen arteko parte-hartzea dela. Adostasun handia bildu zuen proposamenak, eta orain haren oinarria Zumaiako Udalbatzari luzatu nahi diogu bere egin dezan:

-        - Gaiari egiazko parte-hartze prozesu baten bitartez heltzea da konponbidea. Patxadaz eta kalea erabiltzen duten herriko eragile eta herritar guztien hitza eta erabakiarekin.

 -      -  Hori egin bitartean, arazoa eragin duen Udal gobernuaren debeku-multzoa bertan behera uztea. Eta bestelako konponbiderik sortu bitartean, behin-behinean, debekuen aurretik zegoen egoerara itzultzea. Betiere jakitun, egiazko eztabaida eta parte-hartze prozesua abiatzea dela gaia, gaur gaurkoz, bideratzeko berme bakarra.