Alonsotegiko Udalak atzera bota du Zumaian ezarri nahi duten Mozal Ordenantza

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2017ko uzt. 28a, 13:21
Kalearen erabilera arautu eta murrizteko, isun eta debekuetan oinarritutako Mozal Ordenantzaren gaia ez da Zumaiako kontua bakarrik. Alonsotegin ere ordenantza bera indarrean jarri nahi zuen Udal Gobernuak (EAJ) , baina herritar eta taldeen kritikak bultzatuta, atzera egin dute. Parte hartze prozesu bat irekiko dute denen iritziak jasotzeko. Zumaiako alkateak badu nora begiratu eta ikasi.

Alonsotegiko Udalak onartutakoa da Zumaian Kalea Guztiona Dak sorreratik eskatu duena: politika egiteko era bertikalari muzin egin eta denoi dagozkigun gaiak denon artean eztabaidatu eta erabakitzea, bulego itxi batean bildutako lau politikariren esku geratu beharrean. Eta bide horretan mugarri interesgarria da Bizkaiko Alonsotegi herrian gertatu dena.

Ordenantza indargabetu eta prozesu parte-hartzailea abiatuko dute

Zumaian alkateak ezarri nahi duen ordenantza berdinak jaso dituen kritikak direla eta, Udaleko idazkaritzak aztertu du eta horren ondorioz txosten bat kaleratu du. Txosten horretako ondorio nagusia oso argigarria da: ordenantzaren idazketan ez da herritarren partehartzea errespetatu. “Arautze prozesu guztietan ezinbestekoa da aurretik kontsulta bat egitea eta interesa dutenei entzutea eta hori ez da ordenantza honetan gertatu”, gehitu dute. Txosten horren ostean Udal gobernuak atzera egin du eta ordenantza bertan behera utzi du momentuz.

Espazio publikoaren erabilera debeku eta isunen bitartez “arautu” nahi dituztenei gero eta zailagoa zaie argudio sinesgarriak aurkitzea. Eta horren arrazoia debekuen oinarrietan aurkitzen dugu: herritarrak eta herriko taldeak kontuan hartu gabe politika egiten saiatzea, epe ertainera guztiz antzua da. Kritiken aurrean norberaren jarrera alderdikoian gogortuta mantentzeak ez baitu zentzurik.

Beraz, ez gara nekatuko eta enegarren aldiz errepikatuko dugu: alkate jauna, atera zaitez udaletxeko gotorlekutik, entzun herritarren eta herriko taldeen iritziak eta abiatu dezagun egiazko prozesu parte-hartzaile bat arazorik ez zegoen lekuan sortutako arazoari konponbidea emateko. Debekurik gabe.