baleike.eus

Zumaiako alkateak Pinotxorena egin du Berria egunkarian

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2017-05-18 12:51
Gezurra ez da gauza polita izaten. Baina gezurren artean badira larriagoak direnak: herritarren izenean mintzo den (eta hilero diru publikotik ederki kobratzen duen) ordezkari publiko baten ahotik etortzen direnak. Hala egin du alkateak muralen zentsurari buruz Berrian argitaratu duten erreportajean.

Donostiako Mikel Laboaren muralaren ezabaketaren harira erreportaje interesgarria idatzi dute Berria egunkarian. Tartean Barakaldoko –han hiru gazte isundu ditu alkateak Periko Solabarria zena oroitzeko mural bat margotzeagatik– eta Zumaiako kasuak ere jorratu dituzte.

Horretarako, Kalea Guztiona Da mugimenduaren iritzia eta Zumaiako alkatearen adierazpenak jaso dituzte. Alkateak aurretik genekiena berretsi du lehenik: gobernuaren asmoa da kartelak, pankartak eta pegatinak jartzen edo muralak margotzen dituztenei ISUNAK JARTZEA. Izaera zigor zalearen enegarren adibidea.

Baina ondoren esandakoa larriagoa da. Gezurrari heldu dio bere mezuari koherentzia minimo bat emateko. Nagusiki parrafo txiki honetan bildu ditu gezurrak:

Zirriborroarekin batera, mahai bat sortu du udalak. Kortak esan duenez, mahaia sortzean deituak izan ziren Kalea Guztiona Da mugimenduko kideak, baina ez parte hartzea erabaki zuten. «Hitz egitea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Gu irekita gaude, eta saiatu gara haiekin erlazio gehiago izaten, baina alde batek borondatea erakutsi arren besteak ez badu aurrera egin nahi, ezin duzu behartu».

Erantzuna puntuka, bertsolariak bezala.

“Udalak mahai bat sortu du eta deituak izan ziren Kalea Guztiona Da mugimenduko kideak, baina parte ez hartzea erabaki zuten”

Azken zortzi hilabeteotan behin bakarrik bildu da “mahai” hori. Irailean, lehen eta azken bilera izan zen horretara joan ginen eta han adierazi genuen Kalea Guztiona Da ez dela nor inoren izenean hitz egiteko, ez dugula nahi inor ordezkatu. Gaiari konponbidea emateko –mila aldiz adierazi dugunez– herriko eragile guztiak gonbidatu beharko lituzkeela. Gainera, bilera bakarra egin duen “mahai” horretan zeinek parte hartu ahal zuen alkateak berak bakarrik erabaki zuen. Muralen, kartelen eta pankarten inguruan hitz egitera hauek deitu zituen: jubilatuen elkarte bat, udal arkitektoa, merkatarien elkartea, ostalarien elkartea, “Azkue Inmobiliaria” enpresako burua, EAJ eta EH Bildu. Bilera surrealista, inondik inora. Gai horretan zeresana duten herriko eragile guztiak baztertzen dituen mahaia, abiapuntua debekuak eta isunak jartzen dituena, eta herritarren ezkutuan egiten dena, parte-hartzeari adarra jotzea zela adierazi genion.

“Hitz egitea ezinbestekoa da aurrera egiteko”

2016ko otsailean hiru parrafoko prentsa-ohar triste baten bitartez jakinarazi zuen udal-gobernuak herrian mural, pankarta, kartel eta pegatina guztiak egunero ezabatuko zituztela. Inorekin hitz egin gabe, inoren iritzia entzun gabe. Segituan sortu zen kritika andanari entzungor egin diote orduz geroztik, eta beren debekuak egunero aplikatu dituzte. Hitz egiteko prest dira bai, baina aurrena alkatearen iritziarekin bat etorriz gero.

“Saiatu gara haiekin erlazio gehiago izaten, baina alde batek borondatea erakutsi arren besteak ez badu aurrera egin nahi, ezin duzu behartu”

Gai honen harira zenbat artikulu, iritzi, argazki eta abar publikatu ote ditugu? Honezkero kontua galdu dugu. Bada, horien guztien amaieran beti eskakizun bat errepikatu da: debeku unilateralak baino parte-hartzea dela gakoa. “Alkatea atera gotorlekutik, eta gaiari heldu ahalik eta herriko talde eta pertsona gehienen parte-hartzearekin, parte-hartze prozesua ireki eta goazen denon artean gai honi buruz lasaitasunez hitz egitera” errepikatu dugu sarri. Zein izan da erantzuna?

Alkatearekin hitz egiteko aukera bakarra izan dugu: debekuei izaera legala emateko idatzi duten Mozal Ordenantzaren zirriborroa aurkezteko egin duten bilera publiko bakarrean. Non, bide batez, bileran hitz egin zuten pertsona guzti-guztiek debekuen eta ordenantzaren izaera zigortzailearen kontra hitz egin zuten. Hortik aparte, zentsuraren marroiaren bitartez izan dugu alkatearen berri.

Baina egon, erreportajeko perlarik onena amaierarako utzi dugu. Esaldiaren sakontasun osoaz gozatzeko, aurrena Benny Hillen musika jarrita irakurtzea gomendatzen dugu.

“Oier Korta Zumaiako alkateak Erribera kaleko paretan margotu diren muralekin bat egiten dutela dio”

Eta gu jakin gabe, aizue! Imajinatzen dugu alkate koitadua, bere bulego hotzaren bakardadean, begiak bustita, gauean amesgaiztoek jango duten beldurrez… murala zentsuratzeko agindua eman duen 41 ALDIETAN.  Adierazpen askatasunaren itzalpeko heroia. Debekua maitasuna da.

Enpin, eskerrak umorea ez dugun galdu.  Iritzi kontrajarriak izatea normala eta osasuntsua da. Baina tristea da oso, ordezkari publiko batek, nork eta alkateak, gezurra erabili behar izatea jendearen aurrean beste itxura bat emateko.

Gezurrak hanka motza –eta sudur luzea– du eta, zorionez, beti prest izango da norbait mundua kolore bakarrekoa ez dela gogorarazteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa