Zure debekuen urtebetetzean... Zorionak alkate jauna!

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2017ko ots. 22a, 12:17

Iazko otsailaren 22an, Diario Vasco eta Baleikera igorri zenuen bi paragrafoko oharraren bidez enteratu ginen zumaiarrok zure debekuez. Urtebete pasa da eta oso urriak izan direnez zurekin hitz egiteko izan ditugun aukerak, gutun hau idaztea bururatu zaigu.

Egia esan, aitortu behar dizugu hasiera batean ez zigula batere graziarik egin zure aginduak. Badakizu, naturaltasunez eta arazorik gabe Zumaiako taldeek kalean zabaldu izan duten informazio, aldarrikapen eta adierazpen oro zikina dela entzutea ez da samurra. Eta are gutxiago, ordutik hona zentsuratzeko agindua egunero-egunero bete duzula ikustea. Baina aizu, denak du bere ifrentzua eta denborak aurrera egin ahala, ikasi dugu alde ona ikusten.

Horregatik, alkate gorena, pentsatu dugu badela garaia Udal Gobernuaren lorpenak aitortzeko. Izan ere, zuek sortutako arazoari iskin egiteko erakutsi duzuen itxikeria eta ikuspegi alderdikoiari esker, herrian aspaldi ikusi gabeko momentu polit batzuk bizitzeko aukera eman diguzuelako:

 - Duela urtebete elkar ezagutu ez edo harreman txikia zuten hainbat talde eta pertsonen artean sorrarazi duzuen laguntasun giroa eskertu nahi dizugu aurrena. Kalea Guztiona Da ekimenaren sorreran herriko 33 elkarte eta sindikaturen babesa jasotzea gozada hutsa izan zen, eta horri esker, urtebete honetan hainbat lagun eta talderen arteko konplizitate giro ederra sortu da. Milesker!

 - Batzuk apur bat aspertuta ginen ohiko protesta-moldeekin, eta zure debekuek horiek birpentsatzeko aukera paregabea eman digute. Zentsura gauza tristea izanik, ia pentsatu gabe hartu genuen sormena eta umorearen bidea. Eta hala, esperimentatzeko eta ondo pasatzeko aukera paregabea eman diguzu. Nork esango zigun kantatzera eta aktore lanetan jartzera animatu ginela...

 - Eta zer esan, Erribera kaleko pareta famatuaz egin duzuna. Gizakiak botere apur bat lortzen duenean, berarekin mozkortuz gero zeinen egoera erridikuluak sortu ditzakeen, Rajoy eta enparauen kontua zela uste genuen. Mikel Laboa, Manolo Urbieta, Star Warseko Darth Vader eta R2D2, Tronu Demako dragoiak, Corto Maltes, 1937ko zein gaur egungo errefuxiatuak, Munchen Oihua, Picassoren Gernika edo biolentzia matxistaren aurkako aldarria... den-denek ezagutu dute zure pintura marroiaren goxoa. 26, orotara. Zinez, ez genuen uste kalean eta lagun giroan sormena lantzeko hainbeste aukera eskainiko zenigunik.

 - Itzurungo hondartzako horma suntsitu zenuten (ia) bezain azkar hedatu da Zumaiatik kanpo adierazpen askatasunaren bueltan dugun dema. Euskadi Irratia, Diario de Noticias, Berria, Radio Euskadi, Argia, Info7, Diario Vasco, Gara, Hitza... hainbat hedabide jarri dira herriari begira, zure debekuen oihartzunak azkar gainditu baitzituen Zumaiako mugarriak. Horregatik, eskertzen dizugu KGD-ren Facebookean 1.100 lagun baino gehiago batzeko arrazoiak emateagatik. Eta aizu, ez dakizu zeinen polita izan zen di-da agortu zitzaigun muralen egutegiaren harira, Euskal Herriko txoko askotatik hainbeste eskaera jasotzea.

- Eta ezin aipatu gabe utzi 2017ari emandako ongietorria. Orain arte esateko aukerarik ez dugu izan. Alkate jauna, langile klasearen heroi berria zaitugu!
Ez dakigu ea enteratzeko astirik izan duzun, baina krisi garai gogorrak bizi izan ditugu azken urteotan Euskal Herrian. Halere, eta sinesgaitza dirudien arren, ezinezkoa izan da sindikatu guztiak eskutik helduta ikustea. Baina, hara non... urte berriarekin batera hori ere lortu ez duzu ba! Zentsura leku pribatuetara ere hedatzeko agindu zenuenean, Zumaiako sindikatu guztietako kideak –UGT, LAB, CCOO, ELA eta ESK– zure debekuen politika arbuiatzeko elkartu ziren. Esker mila argazki horrengatik, ondo gogoan gordeko dugu.

Ez genuke gehiegi luzatu nahi. Badakigu oso gizon lanpetua zarela, eta horregatik ez duzula urtebetean gurekin elkartzeko astirik izan. Beraz, agur t'erdi jauna eta hurrengo urtean ere une ederrak konpartitzen jarraitzeko aukera izan dezagun.

Inauteri giroko umorez eta arau injustuei aurre egiteak gugan sortzen duen maitasunez,
Kalea Guztiona Da