Karibera bidean Ruperrekin

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2023ko urt. 14a, 15:15

Ruper Ordorikak Amour eta toujours diskoa aurkeztu zuen atzo Zarautzen, Modelo aretoan. Zarauzko Hitzarako idatzitako kronika da hau.

Urruti dago Kuba, baina zertxobait hurbilago sentitu zuten Ruper Ordorikak atzo Zarauzko Modelo aretoan eman zuen kontzertura bertaratu ziren entzuleek. Karibeko irlako erritmo eta doinuez jantzitako azken diskoa aurkeztu zuen oñatiarrak bete egin zen aretoan. 

Batzuek Ruper Ordorikaren Buena Vista Social Club baten moduan hartu zuten Amour eta toujours (2021) diskoa atera zenean. Ez da hainbesteraino. Disko mitiko hartan bere sorterrian bertan ahaztuta zeuden Kubako musikari zaharrak erretirotik atera eta agertokietara bueltatu zituen Ry Cooder handiak. Ruper Ordorika, aldiz, ez da inoiz ahaztuta egon; euskal musikagintzako izenik garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzen du bere debutetik (Hautsi da anphora, 1980) lau hamarkada baino gehiago pasatu direnean. Akaso, janzkera berri hauek beste alaitasun bat, beste berotasun bat eman diete bere kantuei. Ez espero, baina, dantza mugimendu bortitzik; erritmo kubatarrez blaituta ere Ruperren pertsonalitatea gordetzen dute abestiek.

Kantu berriak, doinu berriak, formazio berritua aurkeztu zuen oñatiarrak Modeloko agertokian. Azken urteotan bidailagun izan dituen Arkaitz Miner (gitarrak, mandolina eta biolina), Fernando Lutxo Neira (kontrabaxua eta baxu elektrikoa) eta Hasier Oleagari (bateria), Eduardo Lazaga kubatarraren perkusioak eta hainbat urtez Mugalaris taldeko kide izandako Nando de la Casa (teklatuak) gehitu zitzaizkien. Denen artean lortu zuten diskoan jasotzen diren doinu erritmikoak zuzenekora eramatea. 

Amour eta toujours diskoko abestiek osatu zuten, espero bezala, kontzertuko bizkarrezurra; batzuk espresuki diskorako sortutakoak dira, beste batzuk, emanaldiaren hasieran entzun zen Haizea garizumakoaren kasu, zaharragoak baina perkusioekin eta bestelako instrumentuekin beste izaera bat dutenak. Musikaren bidez, doinu beroen bidez, Kubarako bidea hartu zuten entzuleak, Santa Anara, Marielera edo Baracoara, esaterako, Sidekarroan igota behar izanez gero. Minerrek jotako tresak are eta kubatarragoa bihurtu zuen azken kanta hau. 

Rupertorioko –bere hitzetan– abesti gehiago ere jo zituen, noski, batzuk klasikoak, bere kontzertuetan falta ezin direnak (Martin Larralde edo moldaketa berriei esker 80ko hamarkadako kutsu guztia galdu duen Fas fatum), beste batzuk azken garaikoak (Hodeien azpian edo Dionisio Cañasen poema batean oinarritutako Zerutik gertu ez da ondo egoten). Oraindik jadanekotasuna galdu ez duen Zaindu maite duzun hori batekin amaitu zuen kontzertua. Taldekideek agertokia oraindik utzi gabe zutela dagoeno ‘beste bat!’ eskatuz hasi ziren Kubako ilusioa galdu nahi ez zuten entzuleak.

Zarautzen egonda, Zarauzko lagun bat deitu zuen bisetan jotzera, “ohororezko mugalaria” den Bixente Martinez. Karibeko irlan hainbat urtez ihes eginda bizitako Joseba Sarrionandia gogoan izan zuen Martinezekin zazpikotera handitutako taldeak, eta Kortaturen Sarri, Sarriren bertsio latinoa jo zuten. Ene begiek, berriz, oraindik eta rockeroagoa bihurtu zen Martinezen gitarrarekin. Azken diskoa ixten duen Zorioneko moilanekin amaitu zuen kontzertua oñatiarrak, Kubako itsasertzera eramanaz entzulegoa. Aretoa utzi eta neguko gau ilunean Zarauzko kaleetara itzuli ziren entzuleek irlako lilura eraman zuten beraiekin oñatiarraren arteari esker.