Jarraitu geziari

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2022ko ira. 26a, 05:59

Turismo hiritarra dut gustuko; ez mendia, ez hondartza: hiria. Ezagutzen ez dudan hiri batera joan eta hango kaleetan galdu: ezkerrera, ezkerrera, aurrera, eskuinera, ezkerrera, eskuinera… Listo, galdu naiz. Hor hasten da gozamena. Kaleetan zehar ibili, liburu eta disko dendetan sartu, terraza batean eseri zerbait hartzeko eta jendea/bizitza pasatzen ikusi.

Lehen egunean lortu nuen; bigarrenean ez hainbeste, baina hirugarrengoan bai, eta nola, gainera. Helburu jakin batekin atera nintzen hoteletik egun hartan: kutsu arrantzalea duen El Cabanyal auzunea bisitatzea. Ostatutik kilometro batzuetara zegoenez, pentsatu nuen hobe zela biderik zuzenena hartzea. Google Maps aplikazioan begiratu ondoren, auzunera ia zuzen-zuzen eramaten zuen etorbidearen bila hasi nintzen. Arazoa? Ez nuela aurkitu, nahiz eta, aplikazioaren arabera, nire hoteletik oso urruti ez zegoen. Eta han hasi ziren komeriak: kale batean aurrera egin; eskuinerantz joan pentsatuaz itsasoa handik egongo zela; itsasorik aurkitu ez; atzera egin; ezkerrera gero; aurrera ondoren; "auskalo non demontre nagoen" pentsatu; mugikorrera heldutako mezu batzuk erantzun; ura edan; bide itsusi batetik jarraitu; mugikorrean Google Maps berriro jarri eta ikusi aurrera egin dudala, baina ez nik uste bezainbeste; beroagatik maldizioka hasi; desesperatu; zerbeza pare bat edatea deseatu; aplikazioa berriro martxan jarri; segi bidean aurrera, eta, halako batean, heldu nintzen helmugara. Auzunera heltzeko behar izan nuen denboran Livingstone doktorea Afrikaraino helduko zatekeen.

Betidanik gustatu izan zaizkit mapak: atlasetan ibaiak, hiriak edo dena delakoak aurkitzea nuen denbora pasa txikitan, baina, bizitza errealean, norabideei jarraitzeko arazoak ditut, eta galdu egiten naiz galdu behar ez dudanean; ez naiz gai Google Mapseko geziak erakusten duen bideari jarraitzeko. Ustez bide onetik joango naiz, eta gero konturatuko naiz kontrako bidea hartu dudala. Azkenean, sistema klasikoa erabili behar izaten dut: albotik pasatzen denari galdetu.

Esan izan didate Google Mapsek ez duela hain ondo funtzionatzen oinezkoen kasuan, baina pisuaren alde batean puntako teknologia jartzen badugu eta, bestean, nire neuronen abilezia, beldur naiz erantzuna ez ote dudan oso gustuko izango.