Abelin eta Bergman

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2022ko api. 17a, 07:00

Goiko argazkian betaurreko beltzen atzean ezkutatzen den mozolo horrek zailtasun dezente izaten ditu orri honetarako gaiak aurkitzeko. Zenbaki honetarako bazekien, ordea, zertaz aritu, baina kostatu egin zaio hitzetan espresatzea.

Urteak aurrera doaz, eta oroitzapenak ere nahastu egiten zaizkit denborarekin. Ostarrenan sartu aurretik ezagutzen al nuen Abelin? Edo behin taldean sartu ondoren ezagutu nuen? Ezin esan. Badakit, bai, Ostarrena martxan zegoela sartu ginela Karlos laguna eta biok, arrebak animatuta. Pelikulak maite nituen, baina zinema aretoan baino gehiago, etxeko sofan botata ikusten nituen, VHS zintetan. Ohikoa ez nuen beste mundu bat ezagutu nuen Ostarrenan: ni Spielbergzale sutsua nintzen; han Kurosawaz, Fordez edo Bergmanez hitz egiten zuten. Agian exageratzen ari naiz, baina utz iezadazue erromantizismo momentu hau.

Denborarekin, eta Abelinen aholkuei esker, “nirea” ez zen beste zinema batean gehiago murgildu nintzen: Indarkeriaren Belaunaldiko zinemagile handiak; telebistako belaunaldikoak; western klasikoak; espresionismo alemaniarra... Baina inoiz ezin izan dut jasan Ingmar Bergman! Oraindik Ostarrenan nengoela Zazpigarren zigilua bota genuen, akaso Bergmanen film ezagunena, eta lan dezente izan nuen esna mantentzeko.

Garai hartan film bakoitzaren ondoren Ihintza tabernara [gaur egun Amama] joaten ginen debatitzera. Zerbeza batzuk kolkoan, bazterrak nahasten hasten nintzen: “The French Connection filmak Bergmanen filmografia osoak baino gehiago balio du!”. Han hasten ziren komeriak. “Hik ez daukak ideia putarik ere zineaz!”, zioen Abelinek. Noski, txantxa behin eta berriro errepikatzen nuen.

Urte horietan asteazkenero joaten nintzen Donostiara filmen bat ikustera; 15:30eko trenean joaten nintzen, asko inporta gabe zer film ikusiko nuen. Ohitura hori nuela jakin zuenean, Abelin apuntatu egin zen. Auskalo zenbat film ikusi genituen elkarrekin. Eta ez, ez genuen Bergmanen filmik ikusi elkarrekin; bai, ordea, The French Connection Antzoki Zaharreko pantailan.

Denborarekin, auskalo zergatik, zinemazaletasuna zimeldu egin zitzaidan, eta asteazkenero Donostiara joateari utzi nion lehenbizi, eta Ostarrena taldea utzi nuen ondoren. Hala ere, mantendu egin nuen harremana Abelinekin; agian ez lehen bezain estua, baina estimu handia izan diot urte hauetan guztietan. Orain joan zaigu, txikia altueraz, handia izaeraz.

Agian, auskalo noiz, zinema aretoan elkar ikusiko dugu elkar, Abelin, baina seguru egon ez dela izango Bergmanen film bat ikusten. Zer? Zergatik ditudan eguzkitako betaurrekoak jarrita zinema areto barruan? Bada, malkoak estaltzen laguntzeko...