Leoloren itzulera

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko aza. 22a, 17:51

Ama Say taldeak Azkoitiko Matadeixen eman zuen kontzertuaren inguruko kronika idatzi dut Urola Kostako Hitzarako. 

Gertakaria izan da euskal musikazale askorentzat: Ama Say taldea bueltan da hamarkada baten ondoren, bi kontzertu emateko bada ere. Lehena Bilbon eman zuten pasa den larunbatean; bigarrena atzo, Azkoitiko Matadeixen. Zaletuek hiltegi zaharra bete egin zuten atzokoan.

Ama Say zuzenekoak emateko bueltan dela jakin zenean, halako zurrumurrua sortu zen musikazale askoren artean. Gehienbat, Bizkaiko taldearen lehen aroa ezagutu eta bizi izan zutenen artean. Guadiana ibaiaren parekoa da talde honen ibilbidea: 1990eko hamarkadako lehen urteak izan ziren Ama Sayren onenak, euskal musikaren rara avis bihurtu zenean. Sonic Youth edota Pixies talde estatubatuarren ikasgaiak modu ezin hobean barneratu zituen; imitatu baino, beraien galbahetik pasatuta, amalgama berezia lortu zuen Ama Sayk. Ingelesa eta euskara uztartzen zituen, abesti berean askotan, baina baita esaldi berean ere: euskaraz hasten zen esaldia ingelesez amaitu zitekeen, eta alderantziz. Ordukoak dira Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen (1993) eta Say ama (1994) diskoak, eta No iz pop (1994) zuzeneko ep-a. 1995an banandu zen taldea, baina 2008an hirugarren disko bat atera zuen, Ren fan, nahiko ustekabean pasa zena.

Nork daki hirugarren saiakera honek jarraipenik izango duen –badirudi disko berria grabatzeko asmoa ere baduela–, baina atzo Azkoitian ikusitakoaren arabera, makina ondo landuta du Ortuellako taldeak. Bi zuzeneko hauetarako Lisabö taldeko buruetakoa den Karlos Txap Osinaga gitarrista eta abeslaria bildu dute: hiru gitarrekin taldearen astindua une batzuetan bortitza ere bihurtzen da. Kontzertua Leolo eta Zerbait ezberdina eraso bikoitzarekin hasi zen, eta hasieratik soma zitekeen itzulera hau ez zela egun batetik bestera ahaztuko den horietakoa: entzuleak gogotsu zeuden, taldea zer esanik ez. Adi holdenen ondoren Beldurrik ez geldoagoa jo zuten, eta haren ondoren, azeleradoreari berriro emanda, Ametsekin ametsetan, Erotasuna eta Beti Mugan etorri ziren bata bestearen atzetik, punk izpiritura hurreratuz. Beraien jatorria Meatzaldean dagoela gogoratuta, Petronorren aurkako mezuak jaurtiki zituen Ibon Bilbao abeslariak, eta kontzertuaren amaieran Eskorbuto taldearen hitzak ere oihukatu zituen: bai abeslariak, baita bateria-jotzaileak Santurtziko hirukotearen kamisetak zeramatzaten soinean.

Bai beraiek, bai entzuleetako asko, pertsona helduak dira dagoeneko, eta horren inguruan barre egin zuen behin eta berriz Bilbaok: “zein polita den zuek hazten ikustea!”, esan zuen txantxetan. Eskualdekoak bakarrik ez, lurraldeko beste herri askotako jendea ere inguratu zen atzo Azkoitira kontzertua entzutera, itzulera honek sortutako zirrararen erakusle.

Gitarrak afinatzeko bakarrik hartzen zuten atseden musikariek, eta besteak beste, Ikusi ditut umeak, Eguzkitan edo Hamar abestiak entzun ahal izan ziren jarraian. Amaieran gonbidatu bat igo zen Matadeixeko eszenatokira, Arima taldeko abeslari eta gitarrista Paule Bilbao. Suge beltz kanta jo zuten denek batera. Bisetan jo zituzten Gaua ahaztezina, eta 6” pogo-eragilea, azken hau kontzertua amaitzeko. Entzuleek, baina, gehiago nahi zuten. “Hamasei abesti prestatu ditugu! Ez dugu gehiago!”. Pozaren pozez amaitu zuen kontzertua taldeak, eta zer esanik ez entzuleek.