Antonio Arias

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko aza. 19a, 06:00

Hantxe nengoen, bada, Granadan, Unibertsitateko plazako terraza batean eguneko hirugarren zerbeza (taparekin) hartzen, Capsula taldeak Bora Bora disko dendan eman behar zuen kontzertua hasteko zain. Eserlekuan botata nengoen, eguzkipean, bizitza nola pasatzen zen ikusten. Halako batean, ezaguna nuen pertsona bat ikusi nuen disko dendako erakusleiho aurrean. Antonio Arias zen, Lagartija Nick musika taldeko burua.

Nire gaztaroan ezagutu nuen taldea, 1990eko hamarkadaren hasieran, Hipnosis izeneko lehen diskoarekin. Bigarrenarekin, Inercia izenekoarekin, Txitxarron jo zuten; kontzertu hark arrastoa utzi zidan, eta gau hartan erositako kamiseta makina bat urtetan jantzi nuen, zuloz bete zen arte. Omega historikoa ere atera zuten, Enrique Morenterekin, baina gauza batengatik edo bestearengatik, haien musika entzuteari utzi nion. Orain urte batzuk haien diskoak erosten hasi nintzen berriro.

Zerbeza mahai gainean utzi eta pentsatzen jarri nintzen: “Joango naiz edo ez kasu egitera?”. Ahozabala bezain lotsatia naiz, eta ez, ez nintzen atrebitu. Geroxeago, denda barruan aurkitu nuen Arias. Granadako musika munduko erraldoietako bat, denekin ari zen hizketan; ni, berriz, izkina batean nengoen, isil-isilik. Une batean, aurrean jarri zitzaidan eta hor bai, hor ukitu nion besoa: “Barkatu molestatzea, baina zure lana jarraitu dut; orain ia 30 urte ikusi zintudan zuzenean, eta horixe, eskerrak eman nahi nizkizuke”. Irribarre handi batekin galdetu zidan ea non izan zen kontzertu hura. “Txitxarron”, erantzun nion. “Honbre! Kontzertu hartako kartela etxean daukat gordeta!”. Sorbaldan pare bat kolpetxo eman zizkidan, eta hastear zen kontzertuari begira jarri ginen biok.

Amaitu zen kontzertua, eta dendako jabearekin berriketan hasi zen. “Lagun honek esan dit –laguna ni nintzen– aspaldi ikusi gintuela Euskal Herrian. Gure ibilbidea han hasi zen, gaztetxeetan; hemen ez genuen ezer lortzen, baina han bai. Gure zaletuen erdia guardia zibilak ziren, eta beste erdia abertzaleak; guardia zibilak talde andaluziarra ginelako, eta abertzaleak gaztetxeetan jotzen genuelako. Behin, kontzertu baten aurretik, kosto pixka bat nahi nuela esan nion bati, eta hark lekurik onenera eramango ninduela esan zidan: Intxaurrondoko kuartelera. Han joan ginen, eta han erosi nuen. Intxaurrondoko kuartelagatik dioten guztia egia da. Ni naiz horren froga!”.

Capsulako abeslaria, Martin, hurreratu zitzaigun eta besarkada bat eman zion Ariasi: “Antonio, a zer poza zu ikustea. Asko maite zaitugu han, iparraldean”. Pedalei eta anplifikatzaileei buruz hizketan jarri ziren, eta, dendako jabeari eskerrak eman ondoren, joan egin nintzen. Metro batzuk haratago, zebra bidea igarotzeko zain nengoela, atzera begiratu eta han ikusten dut Antonio Arias nigana datorrela. “Berandatu egin zait. Etxekoei esan diet gaur bazkaria egingo nuela. Taxi bat hartu beharko dut”. “Non bizi zara ba?”, galdetu nion nik. “Hirian, baina hemendik urruti. Zu non zaude?”, berak. “Hortxe goian, Albaicinen”, nik. Elkarri agur esan ondoren han geratu nintzen, mozolo bat bezala, hari begira. Zure heroiak ezagutzea arriskutsua zela zioen norbaitek, disgustu bat har zenezakeelako. Kasu honetan ez zen hala izan.