Shake it up, baby, now!!

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko urr. 30a, 09:43

Hamar urte jada, hamar urte Ihintza taberna itxi zutela. Argazki ugariz jantzitako erreportajea eskaini genion orduan Baleike aldizkarian, eta azpian datorren testu hori idatzi nuen.

Ostiral edo larunbat gau batean Twist and shout kantaren lehen akordeak entzun eta automatikoa izaten zen: gorputza atzera bota, ahoa zabaldu eta oihuka hasi! Aaaa… aaaaa…. aaaaa…. AAAAAA!!!! SHAKE IT UP, BABY, NOW!! TWIST AND SHOUT!!! Eta zer esan James Brownen marrua entzutean: pa, pa, pa, pa, pa, pa-pa GET UP!! Zer bizkarrezur geratzen zen mugitu gabe erritmo haiek entzunda. Hala ere, Ihintzako momentu kuttunena Fools gold entzun nuenekoa izango da. Dantzako erritmoa. Baxu elastikoa. Gitarra psikodelikoa. Segi eta segi aurrera. Minutu bat, bi, hiru, lau… hamar!! Gora, gora, gora. “Stone Rosesen kanta onena da”, zioen Saldak. Amen.

Nire heldutasunerako bidaiaren lekuko izan da taberna hau, inoiz heldutasunera iritsi banaiz. Peter Panen sindromea ondo barreiatuta dago munduan, zoritxarrez. Zenbat gau. Zenbat kafe, zerbeza eta gin-tonik. Alkoholak lainotutako zenbat hizketaldi absurdo. Zenbat barre. Baita haserre batzuk ere. Zenbat musika. Bertan izan nuen musika jartzeko lehen aukera (zorionez beste behin bakarrik errepikatu dena), Ostarrena zine klubaren festa batean. Zine forumeko hainbat debate inprobisatu ere eginak gara taberna honetan. “Bergmanek ez dik pitorik balio!”. “Hik ze ostia jakingo duk, zinea zer den ere ez dakik-eta!”.

Une surrealista batzuk ere bizi izan ditugu. Inork gogoratzen al du ateko egurretan zintzilikatuta gimnasia egiten hasten zen sendagile burusoil speedyko hura? Non bukatu ote du? Erruki haren eskutan erortzen zen gaixoa!

Urteak aurrera joan ahala gero eta gutxiago joaten nintzen Ihintzara. Edadean aurrera joatearen eragin zuzena. Eta joaten nintzen gutxi horietan nabari nuen bezero gutxiago izaten zirela barra ondoan edariak eskatzen. Horregatik, Ihintza ixtera zihoala esan zidatenean sorpresarik ez nuen hartu. Baina bai pena handia. Nire izenkide Juan Luis Blancok orri hauetan bertan zera dio: “nire bizitzaren zati bat izan da”. Baita nirea ere. Non izango ditugu orain goizaldeko hizketaldi absurdo haiek. Non azken gin tonika edo zerbeza. Eta non jarriko didate berriro Fools gold amaigabea? Segi eta segi aurrera. Minutu bat, bi, hiru, lau… hamar!! Non, Salda, non?