Ilarak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko urr. 27a, 07:00

Ez ditut ilarak gogoko. Ez dut inor ezagutzen ilaran jartzea gogoko duenik, nahiz eta munduan gauden 7.000 milioi pasa lagunen artean zaletasun hori izango duen norbait egongo den. Jende arraroa nonahi dago, eta izango da, nola ez, afizio hori duenik. Seguru izango dela “Ilaran egoteak hobe bihurtzen zaitu” izeneko WhatsAppeko talderen bat ere.

Ordu jakin batzuetan joaten naiz erosketetara, pentsatuaz, esperoan, jende gutxi egongo dela eta hala ez dudala zain egon beharko erositako produktuak ordaintzeko. Askotan asmatzen dut orduarekin, batzuetan ez, eta hor tokatzen zait ilaran egotea. Gero, asma ezazu zer kutxetara joan: eskuinera, ezkerrera, erditik jarraitu... Ez dago hori asmatuko duenik.

Era berean, ez dut gogoko semaforoetan zain egotea, nahiz eta gizalegeak aginduta, aurrean edo aldamenean umeren bat badut, zain egoten naizen. Baina, beti baina bat, Axular ibiltokian eta Etxezarreta kalean auto bat bera ere ikusten ez dugunean, onartuko didazue denok izaten dugula errepidea zeharkatzeko gogoa, aurrean ume bat, bi edo katekesiko talde osoa izanda ere. Baina ez, gizalegeak, edukazioak, zain egotera eramaten gaitu.

Eta gorroto izan dut, nola gainera, Zinemaldiko emanaldietara sartzeko ilara egin beharra. Fobia asko ditut, gehiegi, baita bete beharreko ohitura batzuk ere. Eta horien artean filmak baldintza “onetan” ikustea da: aretoko erdi aldean, aurre samarrean, eserita egon behar dut; pantailak irentsi behar nau film batez behar bezala gozatu ahal izateko. “Inmersión en la pecera” abesten zuen Derribos Arias taldeak; nire kasuan, zinean murgiltzea, urperatzea da desioa. Horretarako, eserleku on bat lortzeko, eta Zinemaldiak numeratutako eserlekurik eskaintzen ez zuenez, ilaran jarri behar izaten genuen bai ala bai. Askotan ordubete baino gehiago egoten ginen zain. Zinera norbaitekin joanda kafea hartzera joateko aukera zegoen; baina bakarrik zaudenean egonaldia jasanezina bihur zitekeen. Gaztea zarenean, beno, baina adinean aurrera joanda, ilarako Jose Luisen eta Mari Carmenen [asmatutako izenak] konbertsazioak entzuteko gogo handirik ez nuen.

Baina, halako batean, birus nimiño bat heldu zen Wuhanetik (zenbatetan idatzi ote dut esaldi hau), eta, zorionez, Zinemaldiaren politikan aldaketak ekarri zituen. Osasun neurriak gordetzeko, zinemazaleen multzo handiak ekiditeko, distantziak mantentzeko, numeratutako eserlekuak eskaintzen hasi ziren iaz, eta aurten ere mantendu dute. Alde txarra: ezin duzu nahi duzun eserlekua aukeratu, sistemak ematen dizuna onartu behar duzu. Alde ona: ez dago ilararik egin beharrik. Ona eta txarra pisuan jarrita, ilarak ez egiteak irabazten du.

Baina normaltasun batera itzulita, heltzen bagara, mantenduko ote du Zinemaldiak numeratutako eserlekuak eskaintzeko politika? Edo Jose Luisen eta Mari Carmenen konbertsazioak entzuten jarraitu beharko dugu. Erantzuna, datorren urtean.