Metxeroa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 15a, 06:00

Gauza batengatik edo besteagatik, denborarekin obsesionatua nago azkenaldi honetan. Denboragatik edo, hobeto esanda, denbora badoalako aurrera; mantso batzuetan, azkarrago besteetan, baina aurrera, etengabean, atzera martxarik gabe. Obsesioa zergatik? Akaso bederatzi urte eta erdiz nirekin izan dudan lau zenbakiak hemendik urte erdi eskasera utziko nauelako, eta haren ordez bost itsusi batek bere lekua hartuko duelako? Izan daiteke.

Ustez gustukoak izango ditudan diskoen berri eman ohi dit lagun batek WhatsAppeko mezuen bidez. Horietako batean Mudhoney talde estatubatuarrak atera duen disko baten inguruko Interneteko lotuta bidali zidan. Disko horrek 30 urte bete ditu aurten, eta urteurreneko edizio berri bat atera dute, koloretako biniloan, eta auskalo zenbat kanta gehiagorekin. Badaki taldea asko gustatzen zaidala eta taldearen ia disko guztiak ditudala. Berehala erantzun nion banuela disko originala, egoera oso onean dudala –hau idazten dudan bitartean jarrita daukat tokadiskoan eta primeran entzuten da– eta paso, ez nuela edizio berri hori erosiko, Ikeatik erositako baldak ia gainezka ditudalako, eta besterik ez zaidalako ia sartzen. Hortxe geratu zen kontua... bere aldetik. Nire kasuan, burua denboraren zurrunbiloan sartu zitzaidan.

Esan bezala, 30 urte bete ditu diskoak. Donostiako Beltza Records dendan erosi nuen nik orain 29 urte –zergatik akordatzen naiz gauza hauetaz eta ez kontu garrantzitsuagoez?–. Mudhoney taldeak Txitxarro diskotekan jo zuen 1992ko maiatzeko zapatu batean, eta han izan nintzen. Hurrengo larunbatean trena hartu eta Donostiara joan nintzen disko berrien bila. Diru askorik ez eta ondo aukeratu behar nuen; taldearen bi disko erosi nituen, baita disko dendako jabearen kritikak entzun ere. “A zer disko txarrak eraman behar dituzun!”. Diplomatikoa bazen saltzailea... Ia hiru hamarkadaren ondoren oraindik nirekin ditut bi disko horiek, plastikozko zorroetan gordeta, ehunka diskoz inguratuta.

Eta, testu hau pentsatzen ari nintzela, iaz zendu zen Rafael Berrio abeslari eta musikari donostiarraren Inanimados kanta etorri zitzaidan burura. Urteetan zehar gordetzen, biltzen ditugun liburuek, lumek, entziklopediek, erlojuek... bizigabeko objektu horiek guztiek guk mundu hau utzi ondoren hor jarraituko dutela dio Berriok abesti horretan: “Edo sutara bota gauza guztiak / edo bestela... bizirik iraungo dizute”. Zorionez, edo zoritxarrez, metxerorik ez dut etxean...