Pepe

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko mai. 25a, 07:00

Honaino heldu zarete, zenbaki honen azkenera, bukaerara. Edo, akaso, nik bezala, atzetik aurrera irakurtzen dituzue egunkariak-eta? Dena dela ere, segi aldizkariaren erdialdera. Beste orri bat pasatu, beste bat, hortxe! Pepe karteroaren erretratua da, Irrimarrak egindako ilustrazio ederraz jantzitakoa. Ez, ez, ez noa artikulu hori goraipatzera, nahiz eta nik idatzitakoa den. Horixe faltako zitzaidan!

Aspalditik ezagutzen dut Pepe. Kale berean bizi izan gara urte askoan –San Josetik Basadira mugitu da–, eta bai, nire karteroa izan da, edo da. Gizon ona, umila, eta erretratuan bertan dioen bezala, betiere faboreak egiteko prest dagoen pertsona. Bai, niri ere faboreak egin izan dizkit Pepek urte hauetan guztietan. 

Tokadisko berria erosita, eta July lagunak hala animatuta (bultzada handirik ez nuen behar, ez ezazuela hori zalantzan jarri), diskoak erosi eta erosi hasi nintzen, frenorik gabeko kultur kontsumismoaren tsunamian. Batzuk inguruko herri edota hirietako dendetan erosten nituen, baina gehienak Internet bidez: Ingalaterratik, Eskoziatik, Madrildik, Alemaniatik... Mapamundiko leku askotara heldu ziren nire erosketa eskaerak. Disko berriak, bigarren eskukoak, LPak, singleak, CD gutxi batzuk, denetik. Ez zen egunik karteroak etxera ekarritako paketerik gabe. 

Agian beste postari batek abisua utziko zuen buzoian, paketea Correosen Zumaiako bulegoan zegoela, eta handik pasatzeko zioena. Pepek ez; Pepek etxeraino ekartzen zizkidan paketeak. Ordurako banekien zer ordu aldera heltzen zen gure kalera; 10:30ak edo 11:00k aldera agertzen zen kalean karro horiari bultzaka. Gutunez eta paketez betetako karroa aldameneko atariaren ondoan jarri, eta etxez etxeko banaketa hasten zuen. Gure etxepera heltzean, txirrina jotzean, bi aukera izaten ziren: “Cartero” soila, edo “Juan Luis, baja que tengo un paquete para ti”. Poz-pozik jaisten nintzen erositako azken diskoak jasotzera. Garai batean, kaleko banaketa hasi aurretik, nire etxetik pasatzen zen diskoak uztera. Ordurako konfiantza eginda genuen biok.

Eta ez zegoen egunik Julyren mezurik gabe: “Zer, pasa al da Pepe? Galdetuko diozu ea niretzat zerbait baduen?”. Berak ere bazekien karteroak zer ibilbide zuen, eta askotan bide erdira ateratzen zitzaion, eskatutako diskoen bila. Zer den pazientziarik ez izatea!

Pepek oporrak hartzen zituenean, nerbioetatik jartzen ginen biok haren ordezko postariak beste ordutegi bat zuelako, egunen batean kaletik pasatzen ez zelako, edota askotan, paketeak etxera ekarri beharrean, buzoian abisua uzten zuelako. Gaizki ohitutako jendea ginen gu. 

Diskoak erosteko nire beroaldia apaldu zen halako batean. Jarraitzen dut diskoak erosten, baina ez lehengo abiadan, eta Pepe izan zen konturatu zen lehena. “Zer, dagoeneko ez al duzu diskorik erosten? Lanik gabe utziko al nauzu?”, zioen txantxetan. Agian helduko da une hori (ez dut uste), baina oraingoz lana emango diot Pepe karteroari.