Franco

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko mai. 5a, 07:57

Jungen arabera, sinkronismoa bi gertaeraren aldiberekotasun hutsa da. Hau sinatzen duenak italiar abeslari ezagun batekin izandakoa sinkronismoa izan ote da? Ez naiz hainbeste esatera ausartzen, baina hitz hori bueltaka dut buruan eta zerbaitengatik izango da.

Pandemia garaiko iluntze goibel horietako batean ordenagailu aurrean eseri eta Franco Battiato abeslari italiarraren bideoak ikusten jarri nintzen, Youtuben. Hasteko, eta agian anatema izango da hau, ez zait musika italiarra asko interesatzen. Hizkuntzagatik agian, baina nire hezkuntza musikal anglosaxoiak ez du italiera ondo digeritzen. Baina 1980ko hamarkada amaieran hartan Battiato leku guztietan ikus zitekeen; gazteleraz abestutako disko bat argitaratu zuen, Nomadas, eta orduko telebistan noiznahi agertzen zen, baita Jose Luis Morenoren atentatu katodiko haietan ere. Geroago jakin nuen Espainiako telebistan eta pop munduan bere lekua aurkitu zuen Battiato hura intelektual bat zela; musika munduan ibilbide luzea izateaz gain, margolaria, idazlea eta zinema zuzendaria ere bazela. Ezjakina ni. 

Gauzak nola diren, eta bere disko bat bera ere ez badut ere, orduan entzundako abesti horietako batzuk memorian itsatsita geratu zaizkit. Hiru hamarkada luze pasatu eta gero hor jarraitzen dute neuronak dantzan jartzen. Voglio vederti danzare, Nomadi edo Centro di gravità permanente abestiak ahapetik kantatzen aurkitzen dut batzuetan neure burua, asmatutako italiera batean.

Aste batzuk aurrera eginda –eta hemen dator sinkroniaren kontu hori–, Zarautzera egindako bisita batean, nola ez, Garoa liburu dendara joan nintzen, eta hara non entzun nuen italiarraren musika saltokiko atea zabaldu bezain pronto. Nomadi abestia zuten jarrita une hartan, eta han hasi nintzen Garoako Imanol(txor)ekin Battiatoz hizketan. Italian egon zenean haren abestiekin ikasi omen zuen hizkuntza, eta duela hilabete batzuk haren bilduma bat bidali zioten Italiatik. Disko hirukoitz hura zuen jarrita dendan. Etxerakoan bilduma hura aurkitu eta erosi behar nuela agindu nien neuronei, baina dendan zeuden liburuetan murgildu bezain azkar lausotu zen burutazioa.

Eta orain hemen nabil, Battiatori buruz idazten, Youtuben bere abestiak jarrita ditudan bitartean. Eta ez, ez dut haren diskorik erosiko (oraingoz); haren abesti batzuk gustukoak ditut, baina, esan bezala, musika italiarra ez da nire zaletasunen eta fanatismoaren barruan sartzen. Hala ere, nonbaiten irakurri nuen esaldi hura etorri zait burura: “Franco on bakarra dago munduan, eta hori Battiato da”. Hala izango da.