Immaculate Fools: klasiko bat Soreasuko agertokian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko mai. 11a, 07:30

Immaculate Fools taldeak larunbatean Azpeitiko Soreasun emandako kontzertuaren kronika idatzi dut Uztarriarako. Imanol Manterola Odriozolaren argazki ederrez jantzita doa testua.

Hirugarrengoan bai, Immaculate Fools taldeak Azpeitian jotzeko aukera izan du azkenean. Aurretik beste bitan iragarri zuten taldea Azpeitiko agertoki desberdinetan –2020ko martxoan Sanagustin kulturgunean, eta urte bereko irailean zezen plazan–, baina bi hitzorduak bertan behera geratu ziren pandemiak eragindako osasun neurriak zirela eta. Herenegun, Azpeitia eremu gorrian egonda ere, kontzertua mantentzeko apustua egin zuten antolatzaileek. Apustua ondo atera zaiela esan daiteke, entzule kopuru polita hurreratu zen-eta Soreasu antzokira.

Kasu bitxia da Immaculate Fools musika taldearena. 1980eko hamarkadan sortu zuten taldea Kevin eta Paul Weatherill eta Andy eta Peter Ross anai pareek Britainia Handian, baina taldeak beren jatorrian baino arrakasta handiagoa izan zuen Espainiako estatuan. Belaunaldi bateko euskal herritar askorentzako talde kuttuna izan da Immaculate Fools; askok eta askok izango dute buruan taldearen izen bereko abestia, besteak beste.

Taldearen lehen aroa 1997an amaitu zen, baina 2015ean berpiztu zuen gaur egun Galizian bizi den Kevin Weatherill abeslari, gitarrista eta konpositoreak; hasierrako laukotetik mantentzen den kide bakarra da bera. Iazko azaroan atera zuen taldeak azken diskoa, Stardust and water izenekoa, baina berria delako edo, disko horretako abesti bat bera ere ez zen entzun zapatuko kontzertuan. Taldea eraberritu zuenetik hiru disko atera baditu ere, Weatherill berak garbi du beraien kontzertuetara hurreratzen diren lagunek taldearen abesti ezagunenak entzun nahiko dituztela. Hala, lehen aroko diskoetako kantek osatu zuten kontzertuko bizkarrezurra.

Boskote moduan atera zen taldea Soreasuko agertokira. Teknikariek soinuarekin asmatzen ez zutelako edo, emanaldiaren hasieran ez zen erraza izan instrumentu bakoitzaren ñabardurak atzematea. Taldearen jarrera diskoetan entzun ohi dena baino rockeroagoa ere izan zen, indartsuagoa. Pop-rock klasikotik abiatuta, rock epiko aldera ere egin zuten une batzuetan, eta biolin doinuei jarraituta, baita folk ukituak dituen rock zeltara ere. Urteetan mantentzen dena abeslariaren ahots sakon eta berezia da... eta baita betaurreko ilunak dira. Taldearen bigarren diskoko (Dumb poet, 1987) Never give less than everything abestiarekin hasi zuten kontzertua; Stand down eta Got me by the heart abestiekin jarraitu zuten, eta jarraian jo zuten zaletuen gogokoenetakoa den Wish you were here, hau ere bigarren diskokoa. Ordurako entzulegoa bere alde zuen Weatherill buru duen taldeak. Garai berriko diskoetako abestiak ere ez ziren falta izan (HandsHold on), baina entzunleen zati handi bat abesti bat entzuteko gogoz zegoen, eta une hori ia amaieran heldu zen, lehen diskoko (Hearts of fortune, 1985) Immaculate Fools kanta jo zutenean. Hor piztu ziren mugikorretako pantailak..., baita metxeroren bat ere. Entzuleen parte-hartzearekin abestutako Sad kantarekin utzi zuten agertokia. Biserako gordetako Whole world down delikatuarekin eta ia-ia punteo heavyak izan zituen Dumb poet epikoarekin utzi zuten Soreasuko agertokia, zutitu zen entzulegoaren txalo zaparrada artean.

Irteeran, merchandising mahaia puri-purian zegoen. Kontzertu batek izandako arrakastaren seinale izan ohi da.