Zikinak bagara ba!

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko mai. 2a, 11:43

Nire marmarreo sistematikoan, beti pentsatu eta esan izan dut instituzioetatik ematen dizkiguten birziklatze datuak puztuta daudela. Eta azkenaldian herrian ikusten ari naizenarekin uste dut oso oker ez nagoela.

Garai batean, hondakinak edukiontzietara botatzera joaten nintzenean, organikoaren edukiontzi barrura begira jartzen nintzen, ea jendeak, herritarrek, bizilagunek "bere lana" egiten zuten. Eta ez. Askotan, gehienetan, plastikozko poltsetan botatzen zituzten hondakinak organikoaren edukiontzira. Instituzioek esan zigutenez, horrek edukiontzi horretatik jasotako hondakinen "kalitatea" kaltetzen zuen. Baina bost axola hori.

Horren inguruko nire marmarreoa prentsaurreko batzuetara ere eraman nuen garai hartan. Beharrezkoa zela birziklatea bultzatzea; ez zela nahikoa sentsibilizazio kanpainak egitea; bizilagunei erraztu egin behar zitzaiela birziklatze lan hori, eta, adibidez, Errenterian egiten zuten bezala, organikoaren poltsak eman egin behar zituztela instituzioek, eta ez poltsa horiek erostera behartu. Prentsaurreko horietan jasotako erantzuna izan zen poltsa horiek oparitzea, ematea, garestia zela. Ondorioa? Organikoaren edukiontziak plastikozko poltsez beteta segitzen dute.

Edo hori ere ez. Edukiontzien inguruan, lurrean, ikusten diren poltsa pilaketak dira horren adibide. Eta muestra bezala, gaur bertan nire kalean ikusitako panorama. Auskalo zenbat poltsa edukiontzietatik kanpo, lurrean utzita; baita ostegunetan jasotzen diren objektu handia ere, iganderako bertan utzita. Pentsatu dut: "Akaso edukiontziak beteta egongo dira, eta lekurik ez dago poltsa gehiago hartzeko?". Keba! Hutsik edo erdi hutsik daude! Eta organikoarena ez zegoen itxita; txartelik gabe zabaldu zitekeen. Kontua da hemen (eta hemengoa, nire kalekoa, herriko beste kale edo auzoetara eraman daiteke) askori ez zaiola inporta gauzak ondo egitea. Poltsa edukiontzira bota? Zertarako "esfortzu" hori egin lurrean uztea badago. Gero hondakin horiek lurrean uzten dituzten beraiek kexatuko dira gure kalean arratoiak daudela eta.  

Zikinak gara, ez zaigu ezer inporta, eta sentsibilizazio  lan galanta egin beharko da "ohitura" hauek aldatzeko.

Hemen igandeko sermoia. Bizilagunok, joan zaitezkete p... pakean.