Eta Cerrato han zegoen

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko mar. 19a, 07:00

Igande iluntzea. Kabin zerbeza batzuk hartu, eta arratsaldeko zortziak pasatxo direla etxean naiz dagoeneko. Frantsesak bihurtzeko bidean gaude hala jarraitzen badu egoerak. Azken albistea sartu webean, frigorifikoa zabaldu, eta telebistan Gaur Egun jarrita, afaria prestatzen hasi naiz. Ohi bezala, pertsona irribarretsu batek eman dio hasiera albistegian kirolen atalari (zergatik daude kiroletakoak beti irribarretsu?), eta halako batean ezaguna dudan ahots bat entzun dut. Athletic-Valentzia partidaren kronika kontatu du azken auskalo zenbat hamarkadatan talde zuri-gorriaren kronista izan denak. Bai, Cerrato zen, Jorge Cerrato. Gaur ere Cerrato hor zegoen.

Afaria irentsi dudan bitartean denboran atzera egin dut, Euskal Telebista sortu zuteneko une hartara. Ez dakit Ikastolan egongo nintzen, edo ordurako Zumaiako Institutura salto egin nuen, baina gogoan dut etxean Euskal Telebistaren lehen emisioetako bat ikusi genuela, Telefunken batean, eta hurrengo egunean eskolara joan nintzela esanaz ETB zelako telebista kate berri bat ikusi nuela. Agian ez zen hala izango, memoriaz ezin delako inor fidatu, eta ni gutxiago, baina esango nuke hala izan zela, eta ordurako Cerrato han zegoela.

Kirolak bost axola zaizkit, baina Realekoa naiz, eta futbola gutxi inporta bazait ere talde txuri-urdinak irabaztea nahi dut. Futbola ez bezala, saskibaloia gustatzen zitzaidan, eta asko, gainera. Gigantes del basket aldizkaria ere erosten nuen garai batean, hori esanda nire fama oraindik eta gehiago hondoratuko bada ere. Estatu Batuetako NBA ligako partidak ematen zituen ETBk mundua oraindik laua zenean eta ez nuen bat galtzen; aurrez grabatutako partidak ziren eta Pedro Mari (edo Potro Mari, batzuek deitzen genion bezala) Goikoetxea zen esataria. Partida hasi aurretik ematen zituen emaitzak kalamitate hark: “Lakersen eta Boston Celticsen arteko partida emango dugu gaur. Los Angeleseko taldeak irabazi du partida...”, zioen kazetariak, eta hemengo hau, ni neu, malaostia ederrean jartzen zen. Nire memorian, nire heziketa katodikoan, Jorge eta Pedro Mari, Potro Mari eta Jorge, elkarrekin joan dira beti. Beraz, ausartuko naiz esatera garai hartan ere Cerrato han zegoela.

Eta pentsatzen jarri naiz: nire bizitza ia osoan Jorge Cerrato hor egon bada, nahiz eta okerreko futbol taldearen kronista izan, zer gertatuko da kazetaria, esataria, jubilatzen denean? Ze, adin aldetik, hurbil egon behar du dagoeneko. Cerrato Gaur Egunen ez badago, telebistan bere aurpegia edo ahotsa atzematen ez badut, zer gertatuko da nirekin? Ni egongo ote naiz?