Distopia (ipuina)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko abe. 21a, 09:00

Aurrez erabilitako poltsa berarekin prestatu behar izan dut goizeko tea. Espabilatzeko ez bada ere, sabela berotzeko balioko ahal dit. Kikara hartu, eta ordenagailu aurrean jarri naiz, goizeko bilerarako prest. Edo hala pentsatu nahiko nuke, beste inor ez baita konektatu azkenaldian. Hiru bat aste izango dira, lau agian, T ez dela bileran sartzen. Ez dakit zer gertatuko zitzaion, baina azken aldiz pantailaren bestaldean ikusi nuenean ez zuen koraje oso ona: eztulka, istorio oso arraroa kontatzen hasi zitzaidan. Zentzurik gabeko hitz jarioa zen eta isilarazi egin nuen. Berak, haserre, konexioa moztu zuen. Orain arte. Ordutik ez dut haren berririk izan, eta pena da, lagun taldeko azken lotura zelako.

Pandemiaren lehen olatuan etxeratu gintuztenean hasi ginen bilera telematiko hauek egiten. Zer izango zen? Orain hiru urte? Lau akaso? Ez dakit, egutegi bat badut mahai gainean, baina kolorea ere galdu du denborarekin. Memoria ere lausotzen hasia zait dagoeneko. Baina ondo gogoan dut bigarren olatuaren ondoren kalera atera ginela, Gabonak ospatzera. Pozik ginen denok, eta nola besarkatu ginen, zenbat musu eman genizkion elkarri. Mugak ere ireki zituzten berriro, eta bigarren etxebizitzetara joan ziren asko festak pasatzera; elur artean batzuk, itsasertzean besteak. Gu herrian geratu ginen. Ez genuen diru askorik, eta, zer demontre, nahikoa genuen elkar ikustearekin; ez genuen bestelakorik behar. Pozarren igaro genituen egun horiek, eta hain itsututa geunden, ez ginen jabetu gainera zetorkigunaz. Hirugarren olatua, laugarrena, zazpigarrena, tsunamia.

Aste gutxiren barruan hasi ziren lehenak erortzen. Herrira zertxobait geroago heldu zen izurritea. P izan zen hiltzen lehena, eta pixkanaka inguruko guztiak zendu ziren. Familiartekoak, lagunak, ezagunak. Beldurtuta, ikaratuta, etxean gorde ginen berriro. Baina ordurako berandu zen. Bereak eta bi egin zituen birusak gurean, triskantza galanta. Gupidarik ez zuen izan inorekin. Ordutik, justu-justu dendara joateko ateratzen naiz etxetik. Oraingoz badaude kontserbak eta latak, baina noiz arte? Noiz jango nuen azken aldiz barazki freskorik, edo latakoa ez den arrainik edo haragirik? Gris koloreko pasta bigun horri haragia deitzerik badago, behintzat.

Te poltsa kikaratik atera eta platertxo txikian utzi dut; poltsa berririk izan ezean, oraindik ere beste pare bat aldiz erabiliko beharko dut eta. Konektatu naiz eta esperoan nago. Non zaude, T? Barkatu, barkatu, ez zintudan isilarazi behar... Norbait agertuko ote da pantailaren bestaldean? Ba ote dago inor hor kanpoan?