Herdoildutako labana suitzarra

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko aza. 25a, 07:00

Kazetaritzako labana suitzarra bezala ikusten dut neure burua batzuetan; hala modukoa, aukera gutxikoa, zaharra, kamustuta eta herdoilduta dagoena, baina labana finean. Egun bakarrean, goiz batean, minutu gutxiren tartean, arraun kontuak lantzetik, hirigintzakoak idaztera pasatzen dena, eta, garaiarekin bat eginda, eta zientzia kontuetan ideiarik izan gabe, birusak gizartean duen eraginean aditua bihurtu dena.

Eta ez naiz kexatzen. Askotan gehiago ikasten da askotariko gaiak landuta, gai bakarrean zentratuta baino. Nire kasuan, askoz lasaiago idazten dut ezer gutxi inporta zaizkidan gaiez, gustukoez baino. Pleno batean gertatutakoa kontatzean, adibidez, notario lanak egitera mugatzen dut nire burua: han aztertzen diren gaiak eta iritziak jaso, eta ahalik eta modu ulergarrienean idatzi, askotan asperduratik ihes egiteko aukerarik ez badago ere –udalbatzar batean egon denak badaki zer ikusi gutxi duela dibertsioarekin–. Herriko kaleren batean galtzada harriak aldatu behar dituztela? Zuhaitzak kimatu behar dituztela? Ez dakit zer kirolarik sekulako balentria egin duela? Hor egongo naiz, askotan ideiarik eduki gabe, gauzak ahalik eta ondoen kontatzen. Eta argazki polit batekin jantzita badoa, hobeto.

Kultur gaiak interesatzen zaizkit: musika, komikiak, liburuak, zinema... Ustez gai horiez zerbait badakit (edo ez), baina ez dut gogoko kultur gaiez idaztea. Hobeto esanda: urduri jartzen naiz, gaizki pasatzen dut; gustuko dudan hori besteei transmititu nahiko banie bezala sentitzen naiz, eta ez du horrek izan behar nire lana. Idazteko era ere aldatu egiten dut; barrokoagoa bihurtzen da, beste gaiekin erabiltzen dudan idazkera funtzionaletik urrun; eta hor konturatzen naiz nire hiztegia, nire lexikoa, nahiko motza dela.

Hala ere, noizean behin, animatzen naiz eta irakurritako liburu baten inguruko kritika, edo ikusitako kontzertu baten kronika idazten jartzen naiz. Zarauzko Literaturiaren barruan Pettik irailaren amaieran eman zuen kontzertuko kronika idatzi nuen Zarauzko Hitzarako; orain gutxi Testura laukoteak bere lehen diskoa aurkeztu zuen Azpeitian, Dinamoan, eta haren kontakizuna idatzi nuen Uztarriarako eta Urola Kostako Hitzarako. Eta nerbioso jartzen naiz, oso nerbioso, eta neure buruari galdetzen diot ea zergatik sartzen naizen halako kaka-nahasteetan. Gero, akaso, kronikako protagonistak mezu bat bidaltzen dizu eskerrak ematen, egoa puzten zaizu, eta esaten hasten zara horretara bideratuko dudala neure lana, halako kronikak idaztera. Ez, ez, inola ere ez; inork ez diezadala kendu goiko plazako galtzada harrien aldaketaren albistea. Hor ez naiz nerbioso jartzen.