Bidezidorretan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 22a, 08:55

Otsailerako edo martxorako hasiak ginen udako kontzertuen agenda osatzen. Ez kontzerturen bat jo behar genuelako –sofako kuxina erritmoarekin astintzeko ere ez naiz gai ni–; auskalo zenbat ikusteko asmoa genuelako baizik. Ohikoa den bezala, Carlos lagunak udaberri, uda edo udazkenean Bilbon, Gasteizen edo auskalo non izango ziren kontzertuen zerrenda bidali zuen urte hasierarako. Nik Donostiako Dabadaba aretoko webgunea arakatu nuen, eta nire zerrenda propioa ere egin nuen: hona bakarrik joan naiteke, bueltako busa badudalako; beste honetarako, bai ala bai, kotxea behar dut... Zerrenda oparoa zen: Wilco ekainean Kursaalen, John Zorn uztailean Jazzaldian, ez dakit zenbat urteren ondoren Gasteizko Azkena Rock Festivalera itzultzekoa nintzen, Mudhoney irailean Madrilen... Baina, halako batean, birus batek gure gizartea lepotik hartu eta astindu zuen, eta zerrenda hori komuneko zulotik joan zen, etorkizun hurbilera begira genituen beste asmo asko bezala.

Kontzertuetara joateko kuadrilla dugu, eta talde batzuk mila aldiz ikusiko genituen. Nire kasuan, Joseba Irazoki 10-15 aldiz ikusi dut, formatu edo talde desberdinetan, eta Belako zazpi edo zortzi aldiz. Baina beste kontzertu batzuetara inongo erreferentziarik gabe joan izan gara, agertokira igoko zena zein zen ideiarik eduki gabe. Hortxe izaten dira sorpresa ederrak, ez talde batek bizitza aldatuko dizulako –halakoak, tamalez, gutxitan gertatzen dira–, baina bai ordubetez, bi orduz, dantzan, saltoka, marruka jarri zaituelako, eta, amaieran, diskoa erosi baduzu, esperientzia hori, beste era batean bada ere, etxean errepika dezakezulako.

Baina koronabirusaren ondorioz hori guztia zalantzan jarri zen. Izango al genuen aretoetara itzultzeko aukera? Eta hala balitz, nola? Ekainaren 21ean izan genuen post-koronabiruseko lehen kontzertua, Donostian, Victoria Eugenia antzokian. McEnroe talde getxotarrarena, hain zuzen ere. Maskara jarrita, oinak eta eskuak desinfektatuta, eta gure arteko distantziak gordeta. Ez, ez ginen saltoka hasi, baina kontzertu bateko esperientzia berriro bizitzeko aukera izan genuen hiru hilabete pasaren ondoren.

Jon Pagola kazetari donostiarrak Modulos taldearen bideo bat zintzilikatu zuen egun batzuk lehenago Facebooken. Abestiaren hitzei so eginez, poztasuna emango zion bidea aurkitu nahi zuela zioen. Bide hori aurkitu bitartean bidexka eta bidezidorrak hartzea proposatu nion, akaso plazer txikiak bertan aurkituko genituelako. Auskalo zer ekarriko digun etorkizunak. Laino beltzek estaltzen dute bidea. Baina, bitartean, bidexka edo bidezidor horietan aurkituko dugu, agian, lasaitua, kontzertu formatuan bada ere.