Be Basque and edan wine

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko eka. 15a, 09:32

Wali,

Jaungoikoak existitzen badu betaurrekoak ditu eta Elvis Costello izena du. Hori esan ondoren, eta zer lasai geratu naizen hori esanda, gehituko dut ez dakidala jainkorik badagoen edo ez. Auskalo nork irakurtzen dituen lerro hauek, eta hobe ez inor probokatzea. Baina bada haren izaera bera zalantzan jartzeko balio didan elementu bat. Jaungoikorik bada hor zeruan, lainoen artean gu zelatatzen badago, zer demontretan ari zen pentsatzen euliak sortu zituenean?

Ai Joxe, Joxe. Zientifiko deitu al zizun Joxek? Niri intelektual, eta nik bueltan antikristo deitu nion. Hori da haserrea harrapatu zuena! Denbora luze batean ez zidan barkatu, nahiz eta logika guztiarekin esaten nion testuinguru hartan intelektual deitzea biraoa zela. Savater, Calleja eta sasi intelektual horien guztien garaia zen justu, eta ez nion ba nik onartuko hala deitzea. Aparte, ni intelektuala? Sarrionaindiaren liburu bat bera ere irakurri ez dudanean? Alperrik. Haserrea pasata, hil baino denbora bat lehenago elkarrizketatu nuen aldizkarirako, eta bere genioak bere horretan jarraitzen zuen.

Fedearekin jarraituta, ze hemen fede handia dut jarrita, txalotzekoa da lotzen gaituen itsasoaren inguruan elkartasuna lortzeko gure agintariek azken aldian egindako lan eskerga. “Itsasoari begira” zioen gure Benditok, eta bide beretik doaz gure agintariak ere, jakinda, always, zazpi lurraldeek osatutako herri, erkidego, lander edo whatever hori, inoiz ez estatua, zaharkitua, very old fashioned dagoela; antigualekoa dela, alegia. Be water my friend, zioen Bruce Leek. Guk, modernoak garenez, drink Basque wine diogu; white edo beltza, baina beti Basque, always, siempre. Ahal bada, of course, zortzigarren probintziako –laugarrena ez bada, itsasorik ez dutenak eta mugaz bestaldekoak errotik aterata– hondartza batean botata; Bizkaia, edo Vizcaya, the seconden, hain zuzen ere. Nafarroako perretxikoak eta zainzuriak, edo Ezpeletako piperrak erosiko ditugu Castroko, Nojako edo Laredoko Eroski batean, Basque shopping centre batean, you know. Buy Basque, my fellow Basque friend around the world. Beti Basque, always euskalduna, Santoñako euskalkian erosita the better. Drink Bizkaiko txakolina, and ahaztu Txagorritxu edo the Basurto hospital where nothing happened eta dena perfektu doan. What? Zer? Ez duzula understantzen?

Kosmopaletismo honek nire onetik ateratzen nau. Eta ezin esan ni oso baskista naizenik. Badakizu Euskal Jai Egun baterako baskitoz jantzi baino nahiago dudala “Vicky Cristina Barcelona” berriro ikusi. Baina, benetan, ezin dugu ridikulu handiagorik egin. Ditxosozko Basque Wine izendapena atera duten aste berean Asensiok, pertsonaia siniestro horrek, GK Green Fashionen berri ematen zuen. Bermeo Tuna World Capital, Goierri Valley edo Mundakako Festival Bay of Biscay hor ditugu, Zarauzko Gure Sheepdog trial ahaztu gabe. Sasimoderno a lot dugu guk hemen, tamalez.

Zarauzko Garoan egon nintzen asteartean niretzako aukeratutako liburu sorpresa jasotzen. Garoako hauek ez dute bookstore bezala izendatzerik behar izan aurrera egiteko. Liburu sorpresaz gain, beste bi ere erosi nituen. Oraindik ez naiz horiekin jarri, Todopoderososen saio berria zegoen eta Youtuben, eta badakizu, you know my friend, lehentasun batzuek daudela.

Disko bilduma arakatu eta egun hauetarako abesti aproposa aurkitu dut: We are the robots, abesten du Kraftwerkek une honetan nire langelan...