Ultramaskarillen inbasioa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko eka. 8a, 10:03

Wali,

Bitxia zeuk ere psikologoaren gaia ateratzea gutun partekatze honetan. Denbora epe labur batean lankide batek, familiarteko batek eta udaleko zerbitzuetako pertsona batek, besteak beste, gomendatu didate psikologoren batengana joatea. Auskalo nola ikusten nauten. Neuk ere Woody Allenen pelikula asko ikusi ditut, ia denak, eta ez dut ikusten nire burua sofa edo diban batean botata nire neurak partekatzen. Gainera, esaten didazunez, psikologoarena joateko ilarak badaude, arrazoi bat gutxiago joateko; nahikoa dut Kutxa aurreko ilara luzeak ikustea haietatik aldentzeko gogoa izateko. Hori bai, egunen batean Cruzcampo bat edaten ikusten banauzu deitu azkar urgentzietara, burua joanda izango dut eta.

Psikologora joatera animatzen nautenean seguru nire onerako diotela, horren zalantzarik ez dut. Baina nirea fabrikatik dator, eta ez dut denborarik ez dirurik horretan xahutzeko. Oraingoz 20 euro gastatzen ditut diskoren batean eta hori entzuten dudan denboran, karpeta eskuetan gira eta buelta dudan denboran, neurak uxatzen ditut. Itxialdiak iraun duen denboran txintxo, oso txintxo portatu naiz, eta ez dut disko bat bera ere erosi. Baina arinaldiarekin batera, mantso bada ere, ohiturak berreskuratu ditut. Badakit musika aldetik ez ditugula gustu berak, baina Los Enemigosen azken diskoa, “Bestieza”, entzun beharko zenuke. 35 urteko ibilbidea, eta orain atera dute beraien disko onenetarikoa. Han aurrean ikusten dugun zahartzaroan oraindik gauza galantak egin daitezkeela erakutsi dute.

Ai, telefono mugikorren lehen urte haiek! Gipuzkoako egunkari salduenean (bakoitzak ulertu dezala honekin zer esan nahi dudan) lan egiten nuenean horrelako txisme bat erostera behartu ninduten. Antenadun patata bat zen, eta gehienetan etxean uzten nuen. Kalera ateratzen nuenean eta norbaitek deitzen zidanean atari batean sartzen nintzen, lotsatuta, inork ez ikusteko. Maskarillekin berdin. Itxialdia hasi eta, okindegira joaterakoan, lehen aldiz ikusi nuenean kalean herritar bat maskarillarekin pentsatu nuen: “nora doa andre hau!”. Eta orain begira. Erosketak egiterakoan janzten dut trapu alu hori, eta, hau esan behar dut, hasieran lotsa antzerakoa sentitu banuen, orain normaltasunarekin jartzen dut. Ea ez garen denborarekin, Donald Sutherlanden antzera, eramaten ez dutenak behatzarekin seinalatzen hasten.

Literaturako klasikoak –paperean beti, ez dut irakurgailu elektronikorik–, gazte nintzela irakurri nituen, eta seguru ez nuela askorik ulertu. Boris Vian, Faulkner (“Es que no sabe que en este pueblo es verdadera devoción lo que hay por Faulkner”, Sazak zioen bezala), Henry James, Joseph Conrad, Emile Zolaren... Onartu behar dut Dickensen bat bera ere ez dudala irakurri; David Leanek zinerako egin zituen egokitzapenekin konformatuko naiz. Ez dut gorputzik orain klasikoekin hasteko. Denbora gutxi dut irakurtzeko, eta literatura beltzean autore eta liburu asko ditut deskubritzeko. Azken aldian Sajalin izeneko argitaletxe baten berri izan dut, eta hango katalogoarekin nabil. Ander Izagirreren liburu bat ere paperean atera du Libros del K.O.k –aurretik liburu elektronikoan bakarrik zegoen–, eta zuzenean saskian sartu dut. Ea Garoakoek baduten dagoeneko. Ah, Salgari ez dut irakurri; piraten kasuan Stevensonen maisulanera mugatu naiz.

Potroak ukitzeagatik bakarrik: zer dator hirugarren fasearen ondoren? Horixe, laugarrena. Ba Saul Bassek badu pelikula bat, egin zuen pelikula luze bakarra, “Phase IV”; zientzia fikziozkoa, eta ez, ez da batere optimista, ez.

PS. Ederra egin duzu Imanol esnatzen... Twitter bidez bada ere.