Zerrendak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko eka. 2a, 09:26

Ez da, ba, izango hau azkeneko Azkena? Ez ote du bitxo ñimiñoak atal hau ere arriskuan jarriko? Itxialdian, konfinamenduan, koarentenan egonda, ez zait, ez, erraza egiten orri hau betetzeko gaia, materiala edo edukia aurkitzea. Topikoak dioen bezala, tunelaren beste muturrean argi izpi bat ikusten omen da –hala diote, espero ez izatea kolpatuko gaituen trena–, eta espero hurrengorako gai freskoren bat izatea esku artean atala betetzeko.

Liburu, komiki edo disko berrien faltan (ez, ez dut ezer eskatu, mezularien eta postarien osasuna arriskuan ez jartzeko), sare sozialetan aurkitu ditudan ‘jolas’ antzekoetan aritu naiz denbora galtzen. Une batean –hori ere joan da– zerrendak osatzeko deia ibili zen bolo-bolo Facebooken. Zuzenean ikusitako musikari edo taldeekin abezedarioa osatzea proposatzen zuen batek... eta han hasi nintzen poz-pozik: A, Audience; B, Buffalo Tom; C, Costello, Elvis (bost aldiz, gainera!)... Gustura ari nintzen zerrenda osatzen Q letrara heldu nintzen arte. Q... q... Zer talde hasten da q letrarekin? Queen. Ez, ez dut Queen ikusi, ezta nahi ere! Queens of Stone Age ere ez, hori ere ez dut ikusi. San Google-n ere sartu nintzen ea pistaren bat lortzen nuen, baina ez. Tranpa egitekotan ere egon nintzen: “Nola ez, Queens of Stone Age zuzenean ikusi dut”. Baina neure burua engainatzea izango litzatekeela ikusita, hantxe utzi nuen zerrenda, osatu gabe.

Beste zerrenda bat egitea ere proposatzen zuten sareetan, musikako filia eta fobien inguruan. “Gorroto duzun taldea?”. Bon Jovi. “Maite duzun taldea? Asko, baina ia betidanik R.E.M. “Nerabe zinela zer t...”. Jarri al dut Bon Jovi gorroto dudala? Ah, bai. Beno, zein zen hurrengo galdera? Bada, zerrenda hau ere osatu gabe utzi nuen, bizitzako gauza asko bezala.

Zerrendak egitea gogoko dugu musikazaleok edo, hobeto esanda, kulturaren arloetan plisti-plasta ibiltzen garenok. Gogokoenak dituzun bost pelikulak, maite dituzun hamar disko, zure hezkuntzan garrantzia izan duten hiru liburu. Bizitza osoan egin izan ditut zerrenda horiek, eta oraindik ere burura etortzen zait bat egiteko ideia, balkoian eserita, zerbeza eskuan, aurreko mendiko astoei begira nagoenean, adibidez. Hala ere, konturatu naiz zaharkitua geratu naizela: gogoko ditudan diskoak edota pelikulak aspaldikoak dira, bere unean, ikusi edo entzun nituen garai hartan, nire hazkuntzan/hezkuntzan/pentsaeran/jarreran halako eragina izan zutelako. Oraindik ere entzuten ditut disko berri ederrak, eta ikusten ditut maisulanetik hurbil dauden pelikulak. Baina, gauza batengatik edo besteagatik, ez dira barrenean finkatzen. Zergatik? Ba al dakit, ba, nik.