... eta ondo entzun

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mai. 6a, 09:10

Mutrikuar ilustre batzuek zioten bezala. Kasu honetan irakurri izango da, ez dut eta jarriko Siri bidalitako gutuna deklamatzen. Beno, Sirik Scarlett Johanssonen ahotsa izango balu, bai, ez ezazula zalantzarik izan.

Ederra egin dut: galdera erretoriko bati serio erantzun, RT egin edo, kasu honetan, RT ekuazioan sartu, eta munstroa esnatu dut. Harkaitz Canok bere jakituria guztiarekin, edo, haren kasuan, jakitun plantarekin (Harkaitz Cano eta jakituria oximorona da, ‘Black is Beltzak’-k agerian uzten duen bezala) ez luke lortuko hain azkar erantzutea. Portzierto, Irlandako pentsio edo alberge hartako gelan hegan ibili zen Canoren liburu hark non bukatu zuen?

Wali, nola egongo naiz ba diozunaren aurka? Nola ez dut ba pentsatuko gizarte hau aldatu behar dugunik? Itzali/piztu batekin konponduko balitz, nik neuk emango nioke botoiari (Ipar Koreako liderisimoak botoiari ematen badio, orduan bai, orduan dena aldatuko da). Baina, zuk uste posible dela? Zuk uste jendeak, herritarrek, hori dutela buruan? Ez dut uste. Agian jaiotzatik pesimista naizelako, edo bizitzak zinikoa bihurtu nauelako, ez dut hori posible ikusten. Ez dut uste jendeak burutazio horiek dituenik; ez dut uste aste hauetan iluminaziorik izan dutenik, eta hala bada, pentsatuko dute balkoian denbora gehiegi egoteagatik sortutako intsolazioaren eragina dela.

Honen guztiaren ondoren gizartea aldatuko dela diote. Bai, okerrera, bigarren eskuko kotxe saltzaileak zioen “normaltasun berri” hartara heltzeko. Ekonomiaren egoerak ematen duen beldurraz gain, nire kasuan, ikusten dut amaitu direla aisialdirako nire gustuko aukerak: akabo Dabadabako kontzertuak; akabo Andoaingo rock jaialdia, Jazzaldia, Zinemaldia; akabo nire oporraldi kulturetak. Nire burua Benidormen ikusten dut hemendik gutxira...

Kulturaz nola gozatuko dugula uste duzu hemendik aurrera? Imajinatzen al duzu Tarantinoren edo Nolanen azken pelikula streaming bidez etxean ikusi behar izatea, beldurragatik jendea zinera joaten ez delako, eta aretoak ixten dituztelako? Kontzertuak ere mugikorretan jarraitu beharra? Batetik ezezkoa diot, borrego eta garrulo batzuk garelako, eta ohiko bizitzara bueltatuko garelako. Baina, bestetik, arrisku hori hor dagoela ikusteak nerbiotatik jartzen nau.

Proposamen bat egin behar diet Baleikeko lankideei, eta da txandak egitea tabernetako terrazetan lekua izateko. Lana ere bertatik egin dezakegu. Telelanaren partez, tabernalana. Lehen ere egiten genuen, beraz ez da aldaketa handia izango. Ea zer dioten. Eta utz ditzagun gai “sakon” hauek eta hitz egin dezagun Alvaro Ortizen komikiaz, gauza handia egin du eta!