Ba al dugu ezer ikasteko?

Erabiltzailearen aurpegia

Wali,

Bidalitako gutunean galdera bat egiten didazu, eta horregatik ardura pixka bat sentitu dudala onartuko dizut. Kapaz izango ote naiz taxuzko erantzun bat emateko? Noski, denok dugu tertulianoaren DNA barrenean, ideiarik eduki gabe erantzuteko gaitasuna eta, esango nuke, baita grina ere. Isilik egoteko abilidadea edo balentria duenak, horrek bai duela meritu galanta. 

Auskalo zergatik, ikastolako garaiak gogoratu dizkit, irakasle hark ekuazioren bat, edo berak jakingo zuen zer ziren haiek, ebaztera arbelera ateratzen nindueneko une madarikatu haiek. Han egoten nintzen, karea eskuan, arbelari begira, ezer ulertzen ez nuela. Ordutik matematikak gorroto ditut, ez dakizu zenbat.

Baina zure galderara bueltatuta, zerbait ikasiko ote dugun galdetzen didazu. Erantzuna erraza da: ez, ez dagoelako ezer ikasteko. Ez guk behintzat. Espero dut zientzialariek zerbait ikasiko dutela, udazkenean bigarren tsunamia etortzen bada prest egoteko. Espero dut agintariek ere zerbait ikasiko dutela, baina hor zalantza gehiago ditut, agintari hauek duten maila ikusita. Baina guk? Zer ikasiko genuen ba guk? Beno, batek edo bestek itxialdi honetan, akaso, ikasiko zuen hondakinak zer koloretako edukiontzira bota behar diren, bizitza ‘normalean’ ardura hori ez delako beraiena.

Konfinamendua halako epika barregarri batekin jantzi nahi izan dute. “Zuek ere heroiak zarete”. Zer heroi eta zer demontre! Etxean egoteagatik heroiak ote gara? Zerbezak tabernan hartu beharrean etxean hartzeagatik? Balkoiko txapero lanak egiteagatik? Hemendik aste edo hilabete batzuetara kalera normaltasunez joango garenean, eta tabernak zabalduko dituztenean, zabaltzen badituzte, ze hori da bestea, bi hilabete hauetan bizitako hau dena ahaztuko dugu. Eta bai, ez ezazu zalantzarik izan, jendea autoz joango da Kutxara dirua ateratzea. Moisesek jaitsi zituen harrizko tauletan jasotzen da karga-deskarga autoz egiteko eskubidea.

Ikusten duzun bezala ez nago oso momentu optimistan, baina albiste batek eguna poztu dit: Garoa liburu dendak online salmenta zerbitzua martxan jarri du. Eta bai, itxialdia hasi zenetik lehen erosketa egin dut. Zalantza etikoak ere izan ditut: mezularien osasuna alde batean, maite dudan liburu denda baten etorkizuna bestean. Azkenean egoismoak irabazi du, nola ez, eta espero hemendik gutxira eskutan izango ditudala liburu berri hauek. Aro digitalean analogikoa izaten jarraitzen dut; paperean irakurtzea dut gustuko, ez pantaila batean...

Ia hogei urte Irlandan egon ginenetik... eta ordutik ez naiz bueltatu. Joango zaren hurrengo kongresu edo konklaberako ez al duzu gida baten beharrik? Ni prest lan hori egiteko! Hori bai, mapa eskuetan dudala arriskua Bruselara heldu beharrean Teruelen amaitzeko. Bitartean banoa kola batean jartzera: maiatzaren 11ko tabernetako terrazak ireki behar omen dituzte, eta lekua hain mugatua izango denez, hobe da aurretik prest egotea.