Lerdokerien aurkako filtroa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko api. 6a, 07:00

Orain urte batzuk, telebista bidez ematen den txirrindularitza lo eragile ezin hobea dela jakin aurretik, ahotsekin eta soinuekin laguntzen nituen asteburuetako bazkalondoak. Podcasta jaitsi, eta pare bat ordutan egoten nintzen sofan luze botata Iker Jimenezen goizaldeko irratsaioa entzuten.

Bai, hala da, gasteiztar unibertsalaren saioa ez nuen galtzen asteburuetan, eta uda garaian oporrak hartzen zituenean errepikatutako saioak entzuten nituen. Telebistarako egiten zuen Cuarto milenio jasanezina egiten zitzaidan, baina irratirako egiten zuen Milenio 3era biziatuta egon nintzen. Ahotsek, musikak eta soinuek lortzen duten sugestioa ote? Ez nuen siestarik egiten, ezta eguerdi partean bizpahiru ardo hartuta ere; adi-adi jarraitzen nuen irratsaioa. Ez hori bakarrik: igande arratsaldean kalera irten eta asteburu horretan entzundakoa partekatzen nuen lagun batekin, hura ere Jimenezen jarraitzailea baitzen.    

Batzuetan aspertu egiten ninduen, Torinon (Italia) gordetzen duten Izara Santuari buruz hogeita seigarren aldiz hitz egiten zutenean, edo, Aste Santua helduta, Kristoren bizitzaren inguruan berriketan hasten zirenean, adibidez. Orduan bai, orduan begiak itxi eta loari bidea irekitzen saiatzen nintzen. Baina mamuei edo etxe sorginduei buruz aritzen zirenean, ai, hor ez nuen xehetasunik galtzen. Andresitoren mamua Gasteizko Olagibel kalean, Ogasuneko egoitzan, edo Otxateko herri fantasma, biak ere Araban; Granadako (Andaluzia) diputazioko eraikineko mamua; Terrassako (Katalunia) toraxeko ospitalea... Amaigabeak ziren etxe sorginduen kasuak. Eta hori guztia psikofoniekin laguntzen bazuten, bah!, hura hobetzerik ez zegoen. Grabazioan atzera eta aurrera ibiltzen nintzen, mamuek edo presentziek grabagailuan ustez uzten zituzten soinu edo dena delako haiek entzuten. Eta ez, gehienetan ez nuen ezer antzematen.

Klasikoekin (errepideko kurban hildako neskaren kasua) eta konspirazioko teoria zoroekin ere gozatzen nuen. Ez dut uste irratsaio hura entzuteak naizena baino mozoloagoa egin nauenik (“ezinezkoa delako”, esango du norbaitek). Baina zerbaitetarako balio izan dit, Internet edo kableko telebistako saio psikotronikoen bidez hedatzen diren teoria absurdoak ez sinesteko, adibidez: lurra planoa dela, chemtrailen bidez (hegazkinen motorretatik ateratzen den kondentsazioa) gu pozoitu nahian ari direla, alienigenek gizateriaren sorreran izandako eragina, edo, urrutira joan gabe, koronabirusaren sorrerarekin lotutako teoria konspiranoikoak. Nork esango zidan irratsaio hori entzuteak filtro antzeko bat sortuko zuela nire buruan.