Koarentenako egunerokoa: hamaikagarren eguna (martxoak 24)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mar. 26a, 08:00

Balkoira atera naizenean kafearekin ez ditut astoak sumatu. Ez zeuden betiko lekuan eta ez ditut beraien arrantzak entzuten Akaso lo geratu ote dira? Itxialdiko garai honetan asto horiek ikusteak eta entzuteak lasaitasuna ematen dit. Baina gaur ez daude betiko lekuan. Banoa barrura.

The Jayhawks taldearen ‘Hollywood Town Hall’ diskoa jarri dut eguna hasteko. Disko honekin ezagutu nituela esan behar nuen, baina ez da guztiz egia: disko honetako CD-single batekin ezagutu nituen. Eta zein da CD-single bat erosten duen majaderoa? Ba, ni izango naiz, nahiz eta ez dudan gogoan erosi nuen, norbaitek eman zidan edo zer. Gauza da taldeak jotzen duen country-folk-pop doinuak bereziki ondo etortzen direla goizeko lehen orduetan.

Internet bidezko bileraren ondoren lanean jarri naiz. WhatsAppa ordenagailuan konektatu dut, eta une batzuetan ez zegoen mezu jarioa jarraitzerik. Burtsako notifikazioak edo auskalo zer ematen zuen horrek. Ez dakit zenbat konbertsazio batera martxan, pantailan gora eta behera, beste batek zerbait eskatzen dizula, hangoak ez diozula erantzun eta hurrengo batek erosi dituen diskoen berri ematen dizula une okerrenean (konturatu naiz ez niola erantzun, eta orain zerrendan behera joan behar dut haren mezua aurkitzeko). Batzuetan ni naiz mezularitza programa honetako pelmarik handienetakoa, baina, jode, honela ez dago lan egiterik...

The Feelies taldearen lehen diskoa, ‘Crazy rhythms’ jarri dut lanerako, eta izenburuak dioena eskaintzen du, erritmo zoroak. Maisulan bat da, baina momentu honetan ez zait ondo sartzen. Akordatzen naiz bere momentuan, orain urte batzuk, Baleikeko erreportajeak eta idazteko beti disko bera jartzen nuela, Kronos Quarteten ‘Released 1985-1995’ bilduma. Ez hori bakarrik: beti azken unera arte uzten nituen lanak (‘La musa del no hay más cojones’, deitzen nion), eta neure burua lanean jartzeko pijama, Irlandan erositako artilezko kaltzetinak, eta, txima luzeak nituenean, puntuzko txapela janzten nituen. Zerbait subliminala edo izango zen, eta han jartzen nintzen lanean. Orain horren beharrik ez dut, eta horregatik izango ote den edo ez, diskoa ez zait sartzen. Agian nire gustuak aldatuko ziren, baina diskoa kendu dut, eta Joseba Irazokiren ‘Euria’ diskoa jarri du.

Hau beste gauza bat da. Irazokik Moonpalace Records diskoetxearekin atera zuen disko hau. Diskoetxe deitzea dago, baina donostiar baten proiektu unipertsonala zen. Zen diot, dagoeneko ez duelako existitzen, tamalez. Etxean egiten zituen diskoak, fundak kartoizkoak ziren, eta 100 bat aleko tiradak egiten zituen. Denborarekin dezente erosi nituen, baina batzuk agortuta zeuden ni konturatzerako. Ah, Irazokiren diskoa gozamena da.

Lanean, sarritan, lauzpabost frente martxan dituzula konturatzen zara, eta ezin diozula denei erantzun. Ezin batean kontzentratu ere, beste hiruzpalauak begira sumatzen dituzunean. Eta bat gerorako uztea erabakitzen duzu, eta hurrengo hura biharko. Baina gero ahaztu egiten duzu, eta azkenean inpotentzia sumatzen duzu denera ez zarelako heltzen. Beno, ohitu beharko.

Wilcoren disko bat jartzeko gogoa sentitu dut, baina zein jarri? ‘Kicking television’ zuzenekoa jarri dut, baita bolumena igo eta langelako leihoak zabaldu ere. Zorionez, gure barrioan ez dugu balkoiko giro hori. Beraz, nik hartuko dut ardura pare bat orduz. (inor ez zait kexatu...).

Afalondoren zalantza: bezperan bezala pelikula kasposo bat jarri denbora pasatzeko, edo irakurri. Bigarren aukerak irabazi du. Irakurketa laguntzeko, edo eragozteko, The Stone Rosesen lehen diskoa jarri dut, ‘The Stone Roses’, merezi duen bakarra, bigarrena txerrikeria bat delako. Diskoa 1989an atera zuten, nik 17-18 urte izango nituen. Dios, zahartzen ari naizela esan behar nuen, baina ez, zaharra naiz... Eta diskoa fresko mantentzen da, atera zuten urte hartan bezain freskoa; ni, aldiz, ez...