Koarentenako egunerokoa: hamargarren eguna (martxoak 23)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mar. 25a, 08:15

Astelehena. Egun normal batean, webean etxetik lehen gauza batzuk sartu ondoren, 10:00k aldera bulegora joango nintzen. Orain bulegoa etxean daukat, eta bere gauza onak baditu ere –pijametan lanean egotea–, baditu bere alde txarrak ere: ez dagoela deskonektatzerik.

Hala esan diot arratsalde partean lankide bati, inpresioa dudala koronabirusaren aurreko egunetan baino dezente ordu gehiago sartzen ditudala, edo ditugula, denok, pluralean. Eta hala da, errutinaz kanpoko egun hauetan dena da desberdina, eta ez dakit zenbat ordu lanean egon ondoren deskonektatzeko beharra sentitzen duzunean badirudi zerbait gaizki egiten ari zarela, oraindik beste ordu pare bat egin ditzakezulako.

Goizeko errutina ez da aldatzen. Kafea prestatu, astoak ikustera balkoira atera, eta musika jarri. Lehen orduetan Gorky’s Zygotic Mynci galesen ‘Barafundle’ eta Beiruten ‘The flying club cup’ jarri ditut. Lehenek pop psikodelikoa egiten dute; besteek nahaste balkanikoa. Internet bidezko bileraren ondoren, eta lanean jarraitzeko, Lagartija Nicken ‘Zona de conflicto’ jarri dut. Granadako taldea da hau, eta Txitxarron jo zuenean orain bi mende kamiseta erosi nuen. Auskalo zenbat urtean eraman nuen kamiseta hori (garbituta) jantzita. Une batean tarrataz josita zegoen, eta zulo gehiago zituen tela baino. Hala ere janzten jarraitu nuen, norbaitek zakarrontzira bota zuen arte. Krudelak!

Lehen oso gustukoak nituen eta aspaldian entzun ez ditudan diskoak entzuten nabil konfinamenduko egun hauetan. The Blue Aeroplanes da oso gogoko nuen talde horietako bat, eta, nola ez, bilduma bat aukeratu dut bazkalondoan entzuteko: ‘Huh!’.

Whatsappa ez dabil aurreko astean bezain zoroa, baina une batzuetan gogoa ematen du mugikorrari Interneteko aukera kentzeko, denbora batean bakean egoteko bada ere. Bitxia da, ia inork ez du deitzen garai honetan, dena mezuak dira.

Eroskira joateko aprobetxatu dut geldiune hauetako bat. Ate aurrean, kristalen edukiontziaren azpian botila mordoa dago lurrean utzia, barrua betea dagoelako. Tabernetara ez gara joango, baina hala ere ederki ematen diogu.

Arratsaldeko lehen orduan joaten naiz, jende gutxi dagoenean. Eta aurreko asteko itxurarekin alderatuta, normal samar ikusten da supermerkatua. Oilaskoa badago, baita arraultzak ere. Esnea gutxi, oso gutxi. Baina beno, egun batzuetarako frigorifikoa bete dut. Ordaintzerakoan langileek esan didate halako normaltasun batera itzultzen ari dela gauza, baina marka bateko komuneko papera agortuta dagoela. Etxerakoan akordatu naiz labadorako xaboia ez dudala erosi. Beste aitzakia bat etxetik ateratzeko.

Etxerako bueltan bizilagun batekin topo egin dut. Leihoan zegoen arnasa hartzen edo. Egun normal batean ‘iep!’ esan eta aurrera egingo nuen. Orain geratu egin naiz, hitz egiteko. Beste aitzakia bat bost minutu gehiago etxetik kanpo egoteko.

Bi bilduma jarri ditut arratsaldeko azken orduetarako. ‘High Fidelity’ pelikularen soinu banda lehenbizi. Nick Hornby idazlearen liburu batean oinarritutako pelikula bateko musika da, eta Bob Dylan, Stevie Wonder edo The Kinksen abestiak jasotzen ditu. Asko gustatzen zait bai liburua bai pelikula. Ondoren, Late Night Music bildumako diskoa jarri du, The Flaming Lips taldeari enkargatu ziotena. Miles Davisetik Roxy Musicera eta Faustetik Orbitalera. Eta gehien gustatzen zaidan abestietako bat jasotzen du: Sebadohren ‘On fire’. Auskalo zenbatetan entzun dudan abesti hori...

Eguna bukatzeko, ‘Piraña 3D’ pelikula ikusi dut, maizitosen pakete batez lagunduta. 1970eko ‘Piraña’ txarra da, baina grazia du. Honek ez du graziarik, oso txarra da, eta hala ere osoa ikusi dut. Desesperazioak zer egiten duen.