Koarentenako egunerokoa: bosgarren eguna (martxoak 18)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mar. 20a, 07:41

Hau badoa aurrera. Pixkanaka monotonia ezartzen da bizitzan. Jaiki, komuneko buelta, kafea prestatu, gosaldu eta ordenadorera. Eguneko lehen lana eguneroko hau idaztea izaten dut. Interes minimorik ez du, baina burua okupatuta edukitzeko balio dit.

Eguneko lehen diskoa jarri dut: The Minus 5-en lehenengoa, ‘Old liquidator’. Gauza batzuetarako, alferrikoetarako, kristoren memoria dut, eta gogoan dut hau Donostiako Alde Zaharrean zegoen Frudisk dendan erosi nuela, deskontu galantarekin gainera. Pezetetan ordaindu nuen, baina ez dut gogoan zenbat... baina deskontua zuen, hori fijo. Young Fresh Fellows taldeko buruaren proiektu paraleloa da, eta hark egiten duen guztia bezala, asko gustatzen zait. Nabari da fan bat naizela, ezta?

Telefonoarekin, mezuekin, sare sozialekin kontaktuan gaude inguruan dugun jendearekin, baina zuzeneko harremana faltan sumatzen dut. Familiartekoekin, lagunekin, lankideekin, inkluso normalean jasaten ez duzun jendearekin ere (beno, ez dezagun exageratu). Batarekin aurrez aurre hitz egitea, muxu bat ematea besteari, astakeria bat botatzea hurrengoa asaldatzeko. Horregatik, bazkalondoren zabaldu denean konfinamendua Aste Santura arte iraun dezakeela, ez dut esango mundua erori zaidanik, baina... “Hemendik ateratzen garenean ez gara ezagutu ere egingo”, esan diot mezu baten bidez lankideari.

Disko zaharrak entzuten jarraitzen dut. Uncle Tupeloren ‘89/93: an anthology’ bilduma atera dut armariotik. Wilcoren buru Jeff Tweedyk Jay Farrar-ekin sortu zuen taldea da. Country-rock alternatiboa egiten zuten. Ah, eta Creedence Clearwater Revivalen bertsio monumental bat egiten zuten.

Laneko bilera egin dugu, bezperan bezala, Hangouts bidez. Ohitu beharko naiz halako bilerak egitera. Orain, etxean sartuta gauden honetan, eskapatoriarik ez dut; ezin esan elkarrizketa bat dudala eta bileran ezingo dudala parte hartu (ez zaizkit bilerak asko gustatzen...).

Egoitza baten argazkia behar zela eta, boluntario aurkeztu naiz argazkiak ateratzeko. Batetik, etxe ondoan dudalako bat, San Juan Egoitza; bestetik, 5-10 minutu horietan etxetik aterako naizelako eta arnas pixka bat hartzeko aukera izango dudalako. Gainera, ez dut uste txaperoak eta ertzainak hor gora azalduko direnik. Beraz, agian, denbora pixka bat gehiagoan kanpoaldean egoteko aukera izango dut.

Etxerakoan Fiona Apple-en ‘Extraordinary machine’ diskoa jarri dut. Ez dakit zer hedabide digitalean (ah, bai, The Guardianen) haren inguruko artikulu labur bat agertzen zen, eta berriro ere armarioa arakatzen jarri naiz. Bere beste diskoak ere atera ditut, baina gauza bat dela, bestea dela, ez ditut haiek jarri; aipatu diskoa buklean eduki dut. Asko gustatzen zait...

Teknologiak ez du arazorik eman lanean, zorionez. Urnietan dagoen Anerekin kontaktu ‘zuzena’ dut, eta haren laguntzarekin, eta beste lankide guztienarekin, hau aurrera doa. Eta hemen ere harreman pertsonala faltan sumatzen dut, batari esateko Iparraldeko musika mierda absolutua dela (absolutua, así, con dos cojones!), eta bestearekin heavy musikaren inguruko diatriba batean hasteko (ez zait heavya gustatzen).

Tabernak itxita egotearen gauza ona: gure kaleko koronabirusak ezin eguneroko dosia hartu eta isilik dago egun hauetan guztietan.

Arratsaldean Dominique A frantziarraren ‘Auguri’ diskoa jarri dut. Gure arbaso batzuk Frantziatik etorri ziren, baina frantsesa ez dut ulertzen, piperrik ere ez. Eta hala ere bere musika barreneraino sartzen zait. Agian zer esaten duen ulertzen ez dudalako izango ote da? Rock de lux aldizkaria erosten nuenean beti agertzen zen urteko onenen artean, eta halako batean erosi nuen ‘Auguri’ hau. Ordutik bere diskografia osatzen joan naiz. Kristoren zuzenekoa omen du. Ez dakit, ez dut inoiz ikusi... Noiz izango ote dugu aukera berriro beste kontzertu bat ikusteko, behar den bezala, areto batean eta zerbeza pare bat hiru laurekin. Ondo daude sareen bidez egiten ari diren ekimen hauek guztiak, baina ez da gauza bera.

Eguneko lana bukatu dut. Webgunean zerbait egin beharko nuke, baina ez dut gogorik. Afaldu eta Massive Attacken ‘Mezzanine’ diskoa jarri dut irakurgailuan. Iluna, oso iluna, garai honi primeran dagokiona. Diskoa aurkezteko kontzertua eskaini zuten Donostian, Anoetako kiroldegian, 1990eko hamarkada amaieran, eta han izan nintzen. La ostia izan zen hura, inoiz ikusi dudan kontzerturik onenetakoa. 21 urte geroago, diskoaren urtemuga zela eta, Bartzelonan jo zuen taldeak, eta han joan ginen kuadrillan. Iaz izan zen, baina oso urruneko gauza bat bezala ikusten dut.

Gaueko 9:00etarako borboidarren aurkako kazerolada zegoen deituta, eta gure kaleko jendea balkoietara atera da kazuelak eta zartaginak astintzera. Poza eman dit. Eneko Arronak Twitterren esan duen bezala, “Ez dago dena galduta”.