Koarentenako egunerokoa: hirugarren eguna (martxoak 16)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mar. 18a, 07:24

Bitxia da hau: jende guztia urdurien zegoen egunean, atzo, nik inoiz ez bezala egin nuen lo; bederatzi ordu pasa ohean goxo-goxo. Gaur normaltasunera itzuli naiz: goizaldeko 4etarako esna nengoen... Ohean bueltaka ibili beharrean, ordenagailua piztu eta Youtubeko bideoak ikusten edo puzzle digitalak egiten aritu naiz (bai, badakit azken hau nahiko patetikoa dela). Ez dakit berriro lo hartu dudan, ez dakit.

Gaur ez noa okindegira. Paso. Ez daukat egunkaria erosi eta monotemaren inguruan ezer irakurtzeko gogorik, eta, aparte, kristoren zaparra ari du botatzen. Kafea prestatu, prentsa digitala azaletik irakurri (monotema) eta lanerako prestatu naiz. Bai, lana dut, eta eskerrak! Bestela nire buruak ez dakit nola bukatuko lukeen. Rosa Diezek Twitterren zerbait zentzuduna esan duen egunean, ni lan egiteagatik pozik nagoela diot. Apokalipsia hurreratzen ari da.

Etxetik egingo dut lan, Internet bidez. Niretzako ez da gauza berria; askotan egiten dut etxetik lan, baina berria izango da Hitzako zierrea etxetik egingo dudala, eta ez Zarauzko bulegotik. Eta beldur naiz etxean dudan konexio kaskarrak huts egingo ote duen. Diseinatzailea, Ane, Urnietatik egongo da konektatuta Zarauzko ordenagailura; ni, etxetik, Forondan dugun bulegoko ordenagailura. Eta aizu, (spoiler) funtzionatu du.

Erredaktoreburuen bilera ere Internet bidez egin dugu. Hor agertzen dira denon aurpegiak, nirea barne. Eta hori bai ez dudala gustuko, ez zait nire karetoa agertzea edo, hobe esana, ikustea gustatzen. Ordenagailuko kamera itzaltzekotan egon naiz, baina tentazioari eutsi diot. Hori bai, etxeko langelan nagoenez, ze agertzen da koadroan? El Faryren disko enmarkatua sartzen al da? (Hilabeteak kendu nuela, horren ordez Billy Braggen sinatutako lamina bat dut).

Bilera aurretik eguneko lehen diskoa jarri dut CD irakurgailuan (aste honetan binilozko disko gutxi jarriko ditudala susmatzen dut: 15-20 minutuan behin diskoa aldatu behar hori...). Gaizka Insunza gernikarraren bakarkako lehena. Audience taldeko kideak Bidehuts diskoetxearekin atera du diskoa, Audience berak egiten duen bezala. Bildumazaleak halakoak gara eta Bidehutsek ateratzen dituen disko denak erosten ditut, nahiz eta batzuk gustatu zen. Ulertzekoa da? Ez, ezta? Insunzaren hau disko laburra da, zortzi abesti ditu, eta 20 minutu inguru irauten du. Baina, disko beragatik edo irakurgailua zoratu zaidalako, buklean sartu da eta amaitu eta berehala berriro hasten da.

Lanean hasteko ordua. Berez, arratsaldez nago, baina lankidea Hitzarako orria egiten dabil, eta webean gauzak sartzen hasi naiz. Aber, ez da kontua nire burua goraipatzea. Bai, batetik lagundu egin behar da, eta bestetik, hori egingo ez banu, sofan botata egongo nintzateke goiz osoan eta horrek ere ez lioke on handirik egingo nire buruari (Etxea garbitzea apuntatu behar dut agendan).

Etxetik lan eginda, musika jartzeko aukera dut. Bob Dylanen ‘The Rolling Thunder Review. The 1975 live recordings’ aukeratu dut. 14 Cdko kaja bat da, eta, noski, ez dut osoa entzun. Play botoiari eman... eta handik pixkatera lehen telefono deia. Stop. Deia amaitu da. Play. Beste telefono dei bat. Stop. Bukatuta. Play. Ez dakit zenbat whatsappeko mezu. Ez naiz kontzentratzen, ez musikan, ez lanean.

Goiz xamar bazkaldu, eta egunkariko lanarekin jarri naiz. Bost astean behin tokatzen zaigu lan hau egitea, eta, egia esan, monotonoa izanda ere, ez nau disgustatzen. Egunero lan hau egiteko prest egongo nintzela ere esan nuen behin, berriro beste ezer ez idazteko kondizioarekin.. Baina ez, nahiago dut Forondan segi, lankideekin giro polita dago eta. Kuidao! Horrekin ez dut esan nahi beste erredakzioetan ez dagoenik.

Pettiren ‘Bonberenean zuzenean’ jarri dut. Gustatzen zait Petti, urtetik urtera hobetzen doa, eta bere aurreko ‘Hotzikarak’ monumentala da. Zuzeneko honetan soinuaz laguntzen da abesti batzuetan, baina bestela bere ahotsa eta gitarra dira protagonista (entzuleren baten oihu histerikoak ere entzuten dira...). Garoa liburudendak antolatutako Paperezko kontzertua batean Berakoak esan zuen ez zela eroso sentitzen agertokian. Ez du ba ematen! Portzierto, Pettik videoDJ lanak egin ditu Facebooken, eta ez dakit zenbat abesti jarri dituen.

Ordenagailua pixka bat mantsotzen da batzuentzat, baina konexioa ondo dabil, eta uste baino azkarrago bukatu dugu egunkaria. Hori bai, auskalo zenbat akats izango dituen. Hurrengoetan hain ondo funtzionatzen badu, agian ez naute berriro Zarautzen ikusiko, ezta Forondan ere, eta erredakzioa nire etxean montatuko dut.

Hitzako lanak amaituta, Radiohead taldearen ‘Amnesia’ diskoa jarri dut webguneko lan batzuk egiteko. Garai batean asko entzuten nituen, baina aspaldi ez nuela diskoa jarri. Oxfordekoen ukitu distopikoa ondo egokitzen da egun arraro hauetara.

Afaldu eta zalantza: Netflixen zerbait jarri edo liburuarekin jarraitu? Liburua aukeratu dut (Netflixen a zer txerrikera mordoa dagoen...), eta hor nabil zientzialarien arteko zeloen artean igerian. Soinu banda bezala Scott Walkerren ‘Boy child. 67-70’ bilduma jarri dut. Lankideari mezuren bat ere bidali diot. Telelana dela eta norbaitek zera gomendatzen zuen: egun normal bat bezala hartu behar zela, eta etxetik lana eginda ere, kalera ateratzeko moduan jantzi behar ginela. “Justu kontrakoa”, esan diot lankideari: “biharko bilerara Batmanen pijamarekin agertuko naiz”. Egingo ote dut?