Koarentenako egunerokoa: bigarren eguna (martxoak 15)

Erabiltzailearen aurpegia

Bigarren eguna, eta etxean sartuta geratze hau hain erraza egingo ez zaidanaren itxura. Ehunka disko ditut entzuteko, liburu mordoa irakurtzeko eta, plataforma desberdinetan, nahi adina pelikula, serie eta dokumental ikusteko. Baina, buruko mina daukat, eta ez bezperan egindako aberiaren ajea, etxean sartuta egotearena, baizik.

Beno, 15 bat minutuan etxetik kanpo egoteko aukera izan dut, behintzat, okindegira joan naizenean. Bospasei minutu joaten, beste bospasei bueltan, eta barruan bizpahiru minutu. Erosketa egiteko adina denbora. Okindegirako bidean maskarilla jantzita duen emakume batekin gurutzatu naiz. Badakit alarma egoeran gaudela, hau serioa dela, baina hala ere gehiegizkoa iruditu zait. Beno, bakoitzak nahi duena egingo du.

Okindegira sartu, eta aurrean osaba erosketak egiten. Ezin hurreratu ezta bizkarrean kolpe (kariñoso) bat eman. Ez, metro eta erdiko tartea gorde behar da, eta hala gogoratu digu Agurtzanek. Nire atzetik etorri den bezero bat atean geratu da. Ez dago beste inor okindegian; ez dute kaferik edo gosaririk ateratzen, barra egunkariz beteta dago norberak berea hartzeko, eta erosketa egin eta berehala alde egiten dugu, elkarrekin ia hitz egin gabe.

Etxean kafea prestatu, eta bezperan bezala erdizka utzi dut egunkaria. Koronabirusak hartzen du guztia. Uste dut hurrengo egunetik aurrera, egoera zertxobait normalizatu arte, ez dudala egunkaririk erosiko. Dirua aurreratuko dut horrela.

Eta dirua aurreratzeari dagokionez, nire buruari erronka bat jarri diot: Internet bidez ez ezer erostea denbora honetan, ez diskorik, ez komikirik, ez ezer. Azken finean, produktu horiek banatu behar dituen jendean arriskuan jartzen duzu. Noizean behin, gutxitan, pentsatu eta dena egiten dut.

Disko bilduman begiratu eta Drive-by Truckersen ‘It’s great to be alive’ zuzeneko diskoa atera dut. Rock pixka bat behar dut goizeko ordu hauetan, eta 5 Lpko kaja honek balioko dit ordu batzuk pasatzeko. Mugikorra hartu, eta laneko whatsappeko taldea sutan dago, aurreko egunetan bezala. Nahikoa da 5-10 minutuan ez begiratzea irakurri gabeko 20-25 mezu aurkitzeko. Berez jai daukat asteburu honetan, baina laguntzeko prest nagoela esan diot lankideari. Halakoetan denon laguntza behar izaten da.

Aurreko egunean hasitako liburuarekin ere jarraitzen dut. Bitxia da. Veneziako familia horrek jasaten duen gaixotasun arraroaren antzerakoak izan dituzte, eta dituzte oraindik, ardiek edota Papua-Ginea Berriko tribu bateko kideek. Datu zientifikoak dituen liburua da, baina, harrigarria hau, ulertu eta dena egiten dut. Zerbait gertatu ote da dudan neurona bakarrean etxean sartuta nagoen denbora honetan?

Telebista jartzeko gogorik ez (Dena bertan behera geratu bada, ETB-1 zer ari ote da jartzen? Mr. Bean berriro ere?), eta Interneten sartu naiz, sareetan kuxkuxeatzera. Facebooken edukia sartzeari utzi diot, baina besteek zer dioten begiratzen jarraitzen dut. Etxean geratzeko deiak nagusitzen dira, eta badago bat edo beste ­­–Twitterren bereziki– aginduei jaramon egin ez eta korrika egitera atera diren runnerrei biraoak botatzera animatzen duena ere.

Facebooken Joserra Rodrigo bilbotarrak Bright Eyes taldearen bideoklip bat jarri du. Aulkitik jaiki eta bilduma arakatzen jarri naiz. Bere garaian taldearen disko denak erosi nituen, eta ez zait zaila egin haiek topatzea. Zuzeneko bat jarri dut, ‘Motion sickness’, agian ez beraien onena –ez, ez da–, eta sofan bota naiz. Orain gutxi nonbaiten irakurri nuen taldea itzultzekoa zela. Ez dago dena galduta.

Bazkalondoren, izekok bidalitako kopla batzuk webera igo eta gero, berriro sofara itzuli naiz. Zer egingo dugu bada? Etxea garbitzea dago, baina igandea da, ustez jainkoak atseden hartu zuen eguna, eta ez diogu kontrarik egingo, ezta? Musika amerikarrarekin jarraituta, The Decemberistsen ‘The King is Dead’ jarri dut, erregea hilda dago. Bitxia, ordu batzuk geroago borboidarren inguruko albisteek hartu dituzte hedabide digitalak eta sare sozialak. ‘Kanpetxanoa hil ote da?’, galdetu diot nire buruari. Ez... oraindik ez (‘tamalez’ jarri behar nuen, baina agian Denis Itxasok irakurriko du hau eta injurias a la corona karguekin auzipetuko ninduten).

Benetan aspertzen ari naizela, eta buruko mina ez da joaten, ezta areagotu ere, zorionez. Ez dakit zergatik, baina ez dut paracetamolik edo halakorik hartzen, eta hori badudala etxean... Ezin naiz liburuan kontzentratu, eta txirrindularitzako karreraren bat edo snookerreko partidak faltan somatzen ditut siesta botatzeko.

Youtuben Todopoderosos saioko episodio berririk igo ote duten begiratzen dut. Baina ez, hori ere ez, aurrekoak daude. Twitter bidez jakin dut saioaren grabazioa ere bertan behera utzi dutela. Jode... hau serioa da.

Denbora pasatzeko, eta ustez ingurukoak animatzeko, ‘umorezko’ mezuak bidaltzen nabil whatsapp bidez. Bat edo beste nazkatuko dut horrela jarraituta. Twitterrera bueltatu naiz, eta Jon Pagola musikazale eta kazetari donostiarraren txio bat aurkitu dut. John Lennonen ‘Isolation’ abestia partekatu du. Isolamendua... badago beste abesti bat izenburu berarekin, Joy Division taldearena. Sofatik jaiki eta ‘Heart and soul’ bilduma hartu dut. Musika iluna, ez oso alaia prezisamentean, garai honi ondo datorkiona.

Talde honekin fetitxismo berezia dut. Zumaiako Institutuan nengoela ezagutu nuen Atxuiya lagun azpeitiarraren eskutik. Kasete batean izan nituen taldearen bi disko, ‘Unknown pleasures’ eta ‘Closer’. Handik denbora batera, nire urtebetzea edo izango zen, anaiak dirua eman zidan kiroletako kamiseta bat erosteko (Glasgowko Celtic futbol taldearena zela uste dut, hala dut gogoan). Ez, ez nuen kamiseta erosi, eta bai Joy Divisionen ‘Still’ bikoitza. Uste dut moskeatu egin zela anaia, eta ez dakit zergatik... CD irakurgailua erosi nuenean disko horiek beraiek erosi nituen, eta tokadiskoa berriro erosi nuenean biniloan ere bai... bitan. Ibilbide osoko bilduma bat ere badut, eta baita singleen beste kaja bat ere. Liburuak ere ez zazkit falta, eta alboan, une honetan, aldizkari ingelez bat daukat. Azalean zer talde agertzen den?

Afaldu ondoren Netflix ireki dut. Ez da edukirik falta, baina intereseko gauza gutxi ikusten dut. Azkenean Tomasso Buscetta mafiosoaren inguruko dokumental bat jarri dut... baina lo geratzen ari naiz. Ez interesik ez duelako, eguneko monotonia honek horretara bultzatzen nauelako. Kostata bukatu dut dokumentala. Banoa ohera.