Koarentenako egunerokoa: lehen eguna (martxoak 14)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mar. 15a, 17:18
Bai, iraungita daude biak.

Ez dut lo oso ondo egin, azken hilabete edo urteotan ohikoa dudan bezala. Bezperan agur esan genion tabernei denbora (ustez) luze baterako, eta abstinentziako sindromea pasatzeko prestatzen ari naiz. Ez gaizki ulertu, ez dut alkoholarekin arazorik, ez dut uste, behintzat, baina tabernak gure gizartearen parte dira eta noiz edo noiz zerbeza txukun bat hartzeko falta sumatuko dut egun hauetan.

Ohikoa denez, okindegira jaitsi naiz egunkaria eta gosaltzeko generoa erostera –Eroskin galleta kaja erostea ahaztu dut orain ere–. “Bihartik aurrera zer egingo duzue?”, diogu bezerook. Jendea ari da ohartzen hau gauza serioa dela. Hala ere, oraindik ez dugu metro beteko tarte hori gordetzen. Behin etxean, kafea prestatu eta croissanta eskuan –Ilgoropil esango luke Joxe Rojasek–, egunkaria irakurtzeko saiakera egiten dut. Erdizka utzi dut; dena da koronabirusa, ez dago besterik, eta dagoeneko saturatuta nago.

Eguneko lehen diskoa jarri dut, Testura taldearen debutekoa. Hori entzutera noala ere jarri dut Instagramen. Centennial bat millennialen munduan. Oraindik ez dakit zer funtzio duen sare sozial horrek, baina gauzak sartzen ditut. Nik dakidan bati kostatu zitzaion Instagramen kontu bat irekitzeko konbentzitzea eta esan daiteke beragatik mantentzen dudala. Beste sareak dagoeneko utzi ditut. Analogikora itzultzen ari naiz.

Goizeko 11:00k dira eta kalera atera naiz. Aldizkarirako elkarrizketa baterako argazkiak atera behar ditut. Ni ez naiz argazkilaria, ezta kazetaria ere, eta hemen nabil bueltaka. Zarauzko Eroskiren sarreran jendetza bildu da lehen orduetarako. Hala ikusi dut whatsapp bidez bidalitako bideo batean. Goiko plazako azoka aurretik pasa naiz eta egoera normala da. Elkarrizketan ez dago beste gairik. Argazkiak atera, pixka bat hitz egin, eta etxera bueltatu naiz.

Eguneko bigarren diskoa jarri dut tokadiskoan, Wilcoren ‘Ode to joy’, beraien azkenekoa. Ekainaren amaieran jotzen dute Donostian eta sarrera erosita daukat. Espero ordurako gauza normalizatzea, ze hori ere bertan behera geratzen bada...

Aste honetan heldu zaizkidan bi liburuetatik lehena irakurtzen hasi naiz: ‘La familia que no podía dormir’. Proteinekin lotutako gaixotasun baten ondorioz Italiako familia bateko kideek lo egin ezin, eta hilabete gutxiko epean hiltzen dira. Ez da fikzioa, erreportaje luzea, baizik. Koronabirusaren krisialdian gaixotasun baten inguruko liburua irakurtzen. Masokista ote naiz?

Bazkalondoren beste disko bat jarri dut, eguneko hirugarrena, Drive-by Truckersen azkena, ‘The Unraveling’. Zenbat gustatzen zaidan talde hau! Ez da lehen zen talde gitarrero eta kañeroa, sotilagoa da orain. Estatu Batuetan bizi duten egoera kalamitosoaren erradiografia egin dute bai disko honetan eta baita beraien aurreko ‘American band’ diskoan ere. Ekainean Gasteizen egiten den Azkena jaialdian jotzekoak dira. Arazoa konpontzea, faborez...

Netflix zabaldu dut ordenagailuan (“Mercadonak eta Netflixek aterako dituzte benefizioak krisialdi honetatik”, zioen nik dakidan batek). Koinatuak esan zidan Miles Davisi buruzko dokumentala zegoela, eta horixe ikusi dut. Ez naiz jazzaren oso zalea; zuzenean entzutea gustatzen zait, baina etxean entzuteko pazientziarik ez dut. Eta hori esanda, onartu behar dut Miles Davisen 20 Cdko kaxa bat dudala. Horietatik bospasei ere ez nituen entzungo guztira.

Aspertzen hasia naiz, eta hau kuarentenaren hasiera besterik ez da. Alkoholdun edaririk ez dut etxean, nahiago dut kalera joan zerbeza edo ardo batzuk hartzera. Hala ere armarioak ikuskatu ditut ea zerbait aurkitzen dudan. Eta bai, bi zerbeza aurkitu ditut! Aleluia! Baina biak aspalditik iraungita... Kauen!

Beste disko bat jartzera noa. Young Fresh Fellowsen ‘Exit ramp’. Adoración nocturna ez dakit, baina adorazio perpetua dut talde honengatik, musika entzuten hasi nintzenetik. Hori amaituta, zalantzak: Ruperren ‘Gaur hamar t’erdietan Kafe Antzokian’ jarri edo Teenage Fancluben ‘Grand Prix’. Azken hau jarri dut. Orratza biniloan jarri eta segundo eskasera gozatzen hasi naiz. Talde hau la ostia da, eta norbaitek kontrakoa badio seinale ideia putarik ez duela! Seguru Pink Floyd, Bon Jovi edo halako zerbait gustatuko zaiola.

Hau da aspertua... Banoa afaltzera. Aurreko egunetan egin ditut erosketa batzuk eta frigorifikoak aspalditik erakusten ez zuen itxura du. Hori bai, komuneko paperarik ez dut erosi behar izan; orain bizpahiru aste erosi nuen 15 bat biribilkiko pakete handia. Frigorifikoko atea zabalik, barrura begira nago zer jango dudan erabaki nahian. Paranoia puntu hori badut: “hau orain janda agian etorkizunerako ez zait geratuko...”. Gero gogoratu dut larunbata dela eta astelehenean Eroski zabalik izango dela. Ze demontre! Bi arraultza frijitu!

Liburuarekin jarraitu edo telebistan zerbait jarri, that’s the question. Azken aukera hautatu dut. Urkullu eta Pedro Sanchez berriro ikusteko batere gogorik ez, eta Movistarreko kateak bata bestearen atzetik pasa ditut, Errumaniako telebistara heldu naizen arte. Beste buelta bat, eta beste bat. Estatubatuar jatorriko saio bat jarri dut, ‘Injinerutzako akats handienak’. Ordu erdira ere ez naiz heldu telebista itzali dudan arte.

Banoa ohera...