Emozioen teoria

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko ots. 17a, 09:00

Ez dago hau konpontzeko modurik. Urte berrian gaude (beno, ez hain berria; otsailean gaude eta dagoeneko lehen neke sintomak nabari zaizkio eta) eta nire kasuan, behintzat, aurreko urteko akats berberak errepikatzen nabil.

Urte berriko asmoak jarri nituen. Bat: disko gehiagorik ez erostea. Eta betetzen ari nintzen Kaskezur talde nafarraren azken diskoa eskatu nuen arte. Bi: hain ahozabala ez izatea. Kuidadorik ez dago: asmo hori bost minuturako hautsi nuen, eta egunero zabaltzen dut ahoa astakeria bat botatzeko, edo erakusteko zer argia eta jakintsua naizen (ironia).

Badago behin eta berriz errepikatzen dudan beste akats bat, [“bakarra?”, diote ingurutik] eta da musikaren teoriari buruzko liburuak erostea. Musika ardatza duten liburu batzuk ikaragarri gustatu zaizkit. Hor dago, adibidez, Nick Hornbyren High fidelity nobela (eta pelikula). Musikarien biografia oso onak ere irakurri ditut. Agian onena Eels taldeko buru den Mark Oliver Everetten Bilobek jakin beharko lituzketen gauzak da; aparta da liburu hau. Asko gustatu zitzaidan, baita ere, Elvis Costelloren Musika desleiala eta tinta ikusezina. Apaletara begiratu eta Moby, Lemmy, Tom Petty edo Neil Youngen biografiak ikus ditzaket. Eta nire buruari galdetzen diot: Kolonbiako produkzio erdia sudurretik sartu duten batzuk nola akordatzen dira beraien bizitzako xehetasun txikienaz? Nik San Miguel gutxi batzuk (ejem, ejem) edan ditut nire bizitzan zehar eta 25 urtetik 27 edo 28ra bitarteko ia ezertaz ez naiz akordatzen. Agian hori da arazoa, San Miguelak edan izana. Eskerrak Cruzcampoak ez ziren...

Musikari buruzko liburu teorikoak ere erosten ditut noiz edo noiz, nahiz eta ez gustatu. Aspertu egiten naute, ez ditut ia inoiz bukatzen, eta hala ere... Musika emozioa da, kanta bat, disko bat, talde baten diskografia osoa behin eta berriz entzutera eramaten zaituena; kontzertu batean burua zoro gisa astintzera, edo saltoka hasi eta, besoa altxatuta, marruak botatzera bultzatzen zaituena. Beraz, zer inporta ote zait Lisabören azken diskoak zer zortzidun dituen edo zer konpasetan sortua dagoen.

Eta hori jakinda ere, sarritan, gehiegitan, errepikatzen dut akatsa. Orain gutxi Nick Colemanen Ahotsak liburua erosi nuen: 60. orrialdera ere ez naiz heldu. Eta ahozabal konpultsibo batek ahoa gehiegitan zabaltzen duen bezala, hurrengo batean liburu-dendara joan eta antzerako beste liburu bat erosiko dut. Izan ere, Paco Costasek zioen bezala, harri beraren kontra behin eta berriro tupust egiten duen animalia bakarra da gizakia. Zein den Paco Costas? Hori beste debate bat da.