Turistak, erromesak eta ditxosozko pelikula

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko api. 20a, 16:16

Azken urteotan bezala, bisitari andana dugu herrian Aste Santu honetan. Horrekin batera, garaia delako edo, erromesak ere ari dira herria zeharkatzen. Horiek guztiek bat egiten dute behin edo beste Zumaiak ditxosozko pelikulari eskainitako monumentu ofizialean. 

Turisten argazkiren bat atera beharko banu Itzurunera edo San Telmora joan beharko nuke. Hori badakit. Baina egia da, baita ere, Zumaiako marko inkonparablearekin, ederra izanda ere, eta hala da, aspertu xamarra nagoela. Beraz, garai honetan Sanjuaniturrira joaten naiz turisten argazkiren bat ateratzera gero webean jartzeko.

Ditxosozko pelikula estreinatu zenetik une gloriosoak bizi izan dira bertan, baina banituen nire zalantzak: estreinatu zenetik bost urte igaro direnean, oraindik fresko mantenduko al da zaletuen artean? Oraindik nahiko ote dituzte selfiak atera iturriaren aurrean? Eta abestuko ote dute zorigaiztoko jingle hura? Badakizue: "Euskadi tiene un color especial!".

Magnolio parean jarri nintzen atzo eguerdian, eta talde bat aldapa igotzen ikusi nuenean beraien atzetik joan nintzen. Plazatxoa nahiko hutsik zegoen; ez zuten arazo handirik izango argazkia ateratzeko. Ostiral santua, eguraldi ona, eguerdi partea eta plazatxoa hutsik? Akaso moda zimeltzen hasia al da?

Familia edo lagun taldea argazkirako posatzen jarri zen; taldekide batek atera behar zuen argazkia mugikorrarekin. Halako batean emakumezko baten ahotsa entzun nuen: "Espera, espera, que igual nos sacan la foto". Une horretan, beraiez eta nitaz aparte, beste inor ez zegoen plazatxoan, eta ni ere turista plantak egiten hasi nintzen: Rikar bizi den etxearen teilatuari begira jarri nintzen interes handiarekin. Baina ez, emakumeak nik baino bista hobeagoa zuen: une horretan bertan erromes talde bat zetorren aldapan gora. "¡Pregúntales! ¡Pregúntales!", zioen emakumeak. Gizonezkoak, lotsatuta edo, ez zioen ezer. Emakumea ez zen kokildu eta han joan zen erromesengana. "¿Nos sacas una foto?". Erromes gehienak aldamenetik pasa ziren kasurik egin gabe, baina atzetik zetorren emakumezkoa geratu egin zen bere maskor eta guzti, mugikorra eskutan hartu eta argazkia atera zien. A zer poza turistena! Eta a zer poza nirea, argazkia aterata, aldapan behera egin eta taberna batean sartu nintzenean. 

Eta honela amaitzen da Aste Santuko pasadizu hau, garaia berak bezala, zentzu handirik ez duena. Hurrengo urtean gehiago.