Museifikazioa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko ots. 1a, 10:41

Museoekin harreman aldrebesa dut. Badakit bertan gordetzen eta erakusten direla historian zehar egindako artelan garrantzitsu asko, eta, museo arkeologikoen kasuan, baita antzinako zibilizazioen aztarnak ere. Baina arazo bat dut museoekin, eta da saturatu egiten nautela. 

Badaude salbuespenak, noski. Londresen dagoen British Museum dut guztien artean gogokoena. Historia maite dut txikitatik, eta Asiriako, Mesopotamiako edo Egiptoko eskulturak eta bestelako objektuak ikusi eta, kasu batzuetan, ukitzeko aukera izatea txundigarria da (britainiarrek kolonizazio garaian egindako jabetzen inguruan beste noizbait hitz egingo dugu).

Tamaina txiki edo ertainetako museoetan eroso sentitzen naiz: Bartzelonako Picasso Museoan edo Madrilgo Caixa Forumen, kasu. Ez, ordea, handietan. Eta errua oso-osorik nirea da, museoak ez ditudalako behar bezala bisitatzen. Museo batera sartzean pentsatzen dut ez naizela sekula itzuliko, eta eduki hori guztia ordu eskas batzuetan irentsi nahi izaten dut.

Interes handiarekin hasten ditut bisitak, eta korridoreetan edo gelatan aurkitzen ditudan margo, argazki edo eskulturak atentzio osoz begiratzen ditut. Baita ondoan edo azpian izaten dituzten txarteletako azalpenak irakurri ere. Minutu gutxira, baina, hiru artelanetatik bakarra begiratzen dut, eta geroxeago irteerako atea non dagoen begira hasten naiz. 

Bilboko Guggenheim museoan edota Madrilgo Reina Sofian gertatu izan zait. Azken horretan, aldi baterako bi erakusketa jasanezin sufritu ondoren, Picassoren Guernicara heltzerako, museotik hurbil dagoen taberna bateko txibien ogitartekoa nuen buruan. Albotik pasa nintzen, begirada txiki bat bota nion, eta segurtasuneko langile batekin eztabaidatzen amaitu nuen, ez zidalako esaten irteerako atea non zegoen.

Hiri handietara joaten diren turistek ohikoa izaten dute museoren bat bisitatzea. Ezaguna bada, hobe; eta museo horren barruan denok ezagutzen dugun artelan bat badago, hobeto. Horrek badu bere eragina: masifikazioa, hain zuzen ere. Urtarrilaren 11ko El País egunkariak arrisku horren inguruko erreportajea zekarren. Zioen egunero 20.000 lagun igarotzen direla Giocondaren aurretik, Parisko Louvre museoan. Alegia, Zumaiako biztanleria osoa bitan egun bakarrean. Noski, baldintza horiekin nola gozatu artelan batez? Posible al da koadro edo eskultura batean kontzentratzea bisitari kopuru handi horrekin? Ez da erraza, ezinezkoa dela ez esatearren. Urte hasieran Madrilgo Caixa Forumen egon nintzen, faraoien inguruko erakusketa ikusten. Hainbeste ume zegoen, hainbeste turista (ni barne), ezinezkoa zen erakusketa lasai ikustea. Ordu erdiren bueltan kalean nintzen kafe bat hartzeko gogoarekin.

El Paíseko artikulu hartantxe Madrilgo Prado museoko gidari batek zioen Jeronimo Boschen Atseginen baratzea bezalako obra bat behar bezala ikusteko, gozatzeko eta ulertzeko, gutxienez, 20 minutu behar direla. Hori, gainera, bakardadean. Nirekin ez lukete arazorik izango: 20. minuturako museoko atean egongo nintzateke irten nahi dudala oihukatzen.