Amesgaiztoa bueltan denekoa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mai. 1a, 10:43

Maiatzaren 1eko zubian Wes Andersonen Isle of dogs pelikula ikustera joan nintzen Donostiara. Aretora sartu, eta hara non entzuten zen Europe talde suediarraren The final countdown bozgorailuetatik. Bai, sintetizadoreekin egindako ninonino ninonino famatua daraman himno edo ipno (Gora Moderdonia Askatuta!) jasangaitz hori. Alboan nuenari begiratuz atera zitzaidan: “Hemen ere bai?”.

Ditxosozko abesti hori atera zenean Zumaiako Institutuan nenbilen ikasten, nolabait esateagatik. Ordurako snob samarra nintzen, eta nahiago nuen Lou Reeden Metal Machine Music entzun (edo entzuten nuela esan, berez disko hori kakofonia hutsa delako) irrati kate komertzialetatik ateratzen ziren abestiak baino. The Clashen edota Ramonesen aldean nengoen ni, eta ez Europerenean edo Bon Jovirenean. Urteekin iritziak eta gustuak aldatzen joan zaizkit, eta garai hartako abesti edota disko asko estimatzeko gai izatera heldu naiz. Ninonino ninonino ez da, baina, talde horretan sartzen, ezta Bon Jovi ere.

Musika eta nostalgia eskutik hartuta joan dira ia betidanik. Musikazale batzuek 1950eko hamarkadako rock&rollaren inozentzia faltan sumatzen dute; Beatles eta Stones-en jarraitzaile asko ez dira 60ko hamarkadatik pasa, eta zer esanik ez punkarekin hasi ziren asko. Harrigarria egiten zait, ordea, gaur egun dugun 1980ko pop-rock komertzialaren nostalgia hori. Bateria elektroniko erraldoi horiek, sintetizadoreen fraseatzeak, erabat zaharkitutako estetika horiek... Gaur egungo talde askok soinu hori berreskuratu dute beraien disko berrietarako. Ez dut dirurik ez gogorik halako diskoetan gastatzeko. Snob bat naizela? Agian. Talibana? Ez dut uste.

Gogoan dut Joserrak eta Maripik Itzurun taberna zeukatenean bertsio talde bat eraman zutela bertan jotzera. Sting, Dire Straits, Whitney Houston... Desesperatuta nengoen barraren amaieran, zerbeza amaitu eta alde egiteko gogoarekin. Halako batean, Maripi hurbildu zitzaidan. Ea kontzertua gustukoa nuen galdetu zidan. Asko pentsatu gabe ezetz esan nion. “Zuri ez zaizu 80ko musika gustatzen” esan, eta bizkarra emanda joan egin zen, dirudienez, minduta. Eta ez zen hori. 80ko hamarkadako talde askok maite ditut: R.E.M., New Order edo The Smiths nire talde gogokoenetakoak dira. Baina ezin dut, adibidez, Phil Collinsekin, eta norbaitek berriz Journeyren Don’t stop believin’ berriro jartzen badu, agian, masailekoka hasiko naiz.