Entzulearengana heldu zen

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko api. 25a, 20:02

Kontzertua hasi eta gutxira, bi kantaren artean eta entzuleei begiratu gabe, hizketan hasi zen: "Batzuk gustura egoten dira nire kontzertuetan, eta beste batzuk haserretu egiten dira. Ahal dudan guztia egingo dut zuek haserretzeko". 

Haserretu zena, ordea, bera izan zen, musikaria. Bere aurrean, lehen ilaran eserita zeuden hiru emakumerekin haserretu zen, abesten ari zen bitartean hizketan ari zirelako. Ez hori bakarrik, aretoa uztera gonbidatu zituen. Azpeitira, Zarautzera, Donostiara edo Bilbora kontzertuetara joaten garenok uler dezakegu bere kasketaldia, gero eta gehiago baitira kontzertuetara musika entzutera baino hitz egitera joaten direnak. Hori, gainera, sarrera ordainduta. Pasatu egin zela? Bada, agian bai, ziur aski.

Horrek ez du, baina, ezkutatu behar Micah P. Hinson abeslari texastarrak baduela talentua eta gitarra soilarekin entzuleak hunkitzeko boterea. Kontzertu onak eman ditu estatubatuarrak, baita kaskarrak ere (Donostiara ez da itzuli 2013an eman zuen saio tamalgarri batetik). Azpeitiko Sanagustin kulturgunean larunbatean eman zuen kontzertua ez zen bide onetik hasi. Ez haserretu zelako bakarrik, soinuarekin ere ez zuen asmatzen. Gitarra akustikoa eta pedal batzuk zituen instrumentu bakarrak, baina, hasiera batean, eliza zaharreko arkupean oihartzun eta akoplatze gehiegi izan ziren kontzertuaz gozatzeko, are gehiago kantautore baten saio akustikoa entzun nahi bada. Nahikoa izan zuen mikrofonoa zertxobait atzeratzearekin soinu arazoak sahiesteko, eta orduan bai, duen talentu bereziaz gozatu ahal izateko.

2005ean The gospel of progress izeneko diskoarekin debuta egin zuenetik folkaren eta country musikaren esparruan egin du lan Hinsonek. Bere gitarra zaharrean itsatsita duenThis machine kills fascists leloa daraman pegatinak (Makina honek faxistak hiltzen ditu, ingelesez) garbi erakusten du Woody Guthrie bezalako aitzindariek zabaldutako bidetik doala bera ere. Hark bezala, maitasuna eta umorea ere uztartzen ditu bere abestietan. Baina batek badu susmoa bere berezitasunengatik –baditu eta asko– Hinsonek bere karrera sabotatu egin duenarena.

Zazpi urte diskorik atera gabe egon ondoren, 2017an The holy strangers izeneko diskoa atera zuen Hinsonek, eta hura defendatzen aritu da kontzertu hauetan. Abesti zaharrei ere egin zien tartea, eta hark ezin du ahaztu lehen disko hartako Beneath the rosezoragarria. Balio baduzu eta zure kantak onak badira, gitarra soilarekin nahikoa duzu entzulearengana heltzeko. Haserreak, soinu arazoak eta bitxikeriak alde batera utzi zituenean, horixe lortu zuen Hinsonek: entzulearengana heltzea. Ez da gutxi.