Power poparen maisuen lezioa

Erabiltzailearen aurpegia
Power poparen maisuen lezioa

Power popak azken hamarkadatan eman duen talde onentsuena da The Posies. 80ko hamarkada amaieran Amerikako Estatu Batuetako ipar-mendebaldean sortutako taldea, bere 30. urteurrena ospatzeko berriro errepidera atera da, eta bira horren barruan Azpeitiko Sanagustin kulturgunean jo zuen igande gauean. Agian, eguna ez zelako onena, edo igandeko eguraldi kaskarragatik, ikusle kopurua esperotakoa baino txikiagoa izan zen. Beraientzat kalte, power poparen lezio galanta galdu zuten eta.

Galiziako Maryland taldeak eman zion hasiera gauari. Resplandor izeneko diskoarekin etorri ziren Azpeitira. Gitarra zaratatsuekin pop melodikoa jotzen du laukoteak, ondoren agertokira igoko ziren maisuen antzera. The Posiesek Espainian zehar egindako biran telonero lanetan izan dituzte galiziarrak. Egiten dutena ondo egiten dute, baina, agian, identitate pixka bat falta zaie idolo dituzten taldeetatik desberdintzeko.

The Posiesek sekulako kontzertua eman zuen. 30. urteurreneko kontzertua izanda, emanaldi nostalgiko hutsa izango zenaren beldurra banuen. Are gehiago, taldeko bi konposatzaileetako batek, Jon Auerrek, aurten bertan Donostian emandako bakarkako kontzertua ikusi ondoren. Kontzertu pattala eta aspergarria izan zen hura, taldeak Azpeitian eman zuenarekin alderatuta, erabat desberdina.

Auer eta Ken Stringfellow dira taldeko buruak, eta horiek dira urte hauetan guztietan mantendu diren bakarrak. Baxu eta bateria-jotzaileak aldatu egin dira ia atera duten disko bakoitzeko. Bira honetan, zalantzarik gabe, beraien disko onena den Frosting on the beater-eko oinarri erritmikoa ekarri dute: Mike Musburger baterian eta Dave Fox baxuan. Hain zuzen ere, disko horretako kantu ezagunenarekin hasi zuten indartsu igandeko emanaldia, Dream All Day handiarekin. Erritmo handiko hasiera izan zen, kañeroa, gitarrak sutan zituztela, eta bi gitarristak eta abeslariak saltoka, gelditu ezinik.

Erritmo horrekin jarraitzea ezinezkoa zuten, eta gitarren bolumena zertxobait jaitsita, hain ondo lantzen duten alde melodikoari tartea utzi zioten. Stringfellow, gainera, gaixo zegoen, hala onartu zuen kontzertuan zehar; jengibrezko edabe bat edaten eta txistua botatzen aritu zen gau osoan zehar. Zorionez, ez zuen bere ahotsean eraginik izan, eta bi abeslarien harmoniak entzuteko aukera paregabea izan genuen: une batean mikrofonoak alde batera utzi eta abesti oso bat a capella kantatu zuten. Bati baino gehiagori malkoak atera zitzaizkion.

Kontzertua amaitzear zela, gitarrak berriro entxufatu eta alde rockeroari ekin zioten. Solar sister ezagunean Marylandeko kideak igo zituzten agertokira; birako azken kontzertua zen, eta eskerrak emateko modua izan zen. Zoramena goian, zoramena entzuleen artean ere. Bis-ean jotako beste bi abestirekin bukatu zuten kontzertua.

Irteeran jende ugari geratu zen diskoen eta kamiseten salmenta mahaian. Seinale ona.